Mostrando entradas con la etiqueta fika. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta fika. Mostrar todas las entradas

2010/06/12

Ekainaren 12an gerraren gordintasuna agirian

Ekainaren 12an militar altxatuen indarrak Burdinazko Gerrikoaren barruan daude jada: Larrabetzuko lurrak babesten zituen Gaztelumendiko tontorra neutralizatuta dago, eta tropa kolpistak Txorierriko bailara dute helburu. Mendilerro bat baino ez dute hartu behar Bilbo eskura izateko: Santamaine. Eguna egunkariak honela adierazten du igandeko alean:
Joaldi gordintsuak atzo, be, Larrabetzua eta Fika ingurutan
Arerioak bidea zabaldu nai dau gure gudarien artean bere gurari ankerrak bete al izateko, baña oneik adorez eta kemenez erantzuten dautse.- Egazkin ugari guda oñak eta atzeak suagatzen.- Paxisten basatikeriak Gorliz'ko gaxotegia aukeratu eban atzo ankerkerietako, arañegun Derio'ko kanposantuaz egin eban antzera.
Aberriaren bizitzak, gure izateak, gure siniste ta elburuen zorionak, eskari bat egin eta bearkun bategaz lotuten gaitue: Tinko, euzkotarrak Irmo!
GERNIKA EREDU BONBARDATZEKO
Gernikan almaniar hegazkinek egin zuten froga odoltsua, eredu bilakatuko dela uste dute gerrako aditeuk. Horrela adierazten du Egunak laugarren orrialdean, gudariak frontean atsedena hartzeko minutu bat edo beste ateratzen dutela ikusten dugun artean.

2010/06/11

Ekainaren 11n Burdinazko Gerrikoa erasotzen

Ekainaren bigarren ostiralean Bilbora ekialdetik hurbiltzen dira altxatutako militarrak, Burdinazko Gerrikoa apurtu nahian, Egunak larunbateko alean sei zutabetara esaten duenez:
Arerioak joaldi indartsu ta gordiña asi eban atzo Bizkargi'tik Fika alderantz

Goizetik asi zan artilleriagaz eta iñoizkorik egazkiñik geien erabilli zitun gure mendiak suagatu ta sututen.- Gure gudariak zindoki eutsi ta arerioari indarraldiak egiten ausartu ziran.- Lemona aldean gure aldetik izan ziran egiñiko joaldiak. Orduña'n gure artilleriak nasaitasunik ez eutson emon arerioari burrukaldirik egitko.
Paxisten egazkin suagalari bi jo ta lurreratu ziran kañoien bidez

BESTE EGUNKARI BATZUTAN
Frente norte edo Euzkadiko frontea zeritzon horretaz, berri gehiago topatu ditzakegu beste argitalpen batzutan; adibidez Madrileko Liburutegi Nazionalean daudenetan, edo Donostiako kultur zerbitzuetan; kasu bietan zenbait argitalpenen erreferentziak aurkitu daitezke, Bilboko egunkarietan, tamalez eta bortizki, ematen jarraitu ezin izan zutenak.

GAZTELUMENDIKO GORDELEKUA
Aitor Miñambres, Santxo de Beurko elkarteko kideak, Gatelumendin egon ziren gudariak jasan zutena azaltzen saiatzen da.

2010/05/20

Maiatzaren 20an gogorki Mungian

Frontea Sollube gainditu eta Mungialdean hasi da hedatzen ostegunez, Eguna egunkarian azaltzen den bezala: orain Fikatik Gaztelumendira hurbiltzen dira gero eta gehiago, ahaztu gabe Bizkargin ere posizioak hartzen ari direla paxistok:
GURE GUDARIAK GOGORKI JO EBEN MUNGIA INGURUTAN.- Arerioari bere tokietatik atzera eragin eutsen.- Fika aldean paxistak burrukaldiak egin aniean agertu ziran, baña gure gudariak laster kendu eutsen gogo ori.- Kañoiak Sabigain suagatzen jardun eben.- Gure egazkiñak Mungia inguruetan eta Sebigain aldean ikusi ziran paxisten tokiak eta gudarosteak suagatzen.

UMEAK ATZERRIRA
Bigarren orrialdean Bretaina handira joandako umeen berriak aurkitzen ditugu: "Atzo gabaz itxas-ontziratu ziran gaur goizez Sauthampton'erakoa artu duten euzkotar gastetxoak.

HIRUGAREN ORRIALDEAN DATUAK & IRITZIAK
Hirugarren orrialdean erasoan datorren ejerzitoaren hildakoak zenbatzen dira: "Bizkaya'n bakarrik ogetalau milla gizon galdu ditue paxistak".
Eta beheraxeago Ernest Hemingwayren iritzia: "Españar eta euzko gudea idazle baten begietan" izenburupean, Madrilen aste batzuk eman ondoren bere ikuspuntua ematen du gerra zibilari buruz, egoera zein den baloratuz.
Errepublikaren egoera bertatik ezagutu eta gero hauxe dio Iparraldeko Fronteari buruz:"Franco buruzagiak Bilbo menderatzea lortzen ba'du, gudateak gutxi gora-bera beste bi urtebetez iraungo du: baña bestela, balitzateke udazken ontaz ala datorren udaberriz amaitzea". Eta premonizio hori gutxi balitz hauxe gaineratzen du: "Gudateak beste girorik artu du oraingoan. Ez da oraingo hau erritarren guda; berenez dan bezalakoxea da gaur egungo gudatea egokirik-egokien eratutatko gudariak diardute orain aurrez-aurre, geroago ta kementsuago ari diran gudari-taldeak, aldia ere euren aldeko dutelarik".