Mostrando entradas con la etiqueta bizkaiera. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta bizkaiera. Mostrar todas las entradas

2009/07/18

Gerra Zibila hasi zeneko berria

1936ko uztailan Gerra Zibila baino militarren ohiko kolpe labur bat izango zela uste zuten gehienok: politikan sartuta zeudenak eta aurreko urteetako trajektoria ezagutzen zutenek behinik behin.
KOLPE MILITARRAREN BERRI
Igande goizean mezara joan zirenak ere, bidetik jakin zuten mugimendu hoien berri: Galdakaon adibidez, Victor Bengoetxea bere aitarekin Abusun topatu zituen miliziano euskaldun batzuk eta horrela esan zioten:
Ez dakizue gerreak urten dauela?
Entzun kontakizuna Victorren hitzetan, merezi du eta:

2009/07/16

Aurelio Arrilaga Asterrikakoa

Aurelio Arrilaga Asterrikan jaio zen 1.923an; eta Berriatuako auzo horretan bizi zen Gerra Zibila hasi zenean. Errepublikaren kontra altxatu ziren militarrak Ondarrura sartu zirenean, urriaren hasieran, gerrako frontea Asterrikan egonkortu zen, negu osan zehar, Berriatua eta Markina inguruan.

ESKERRAK SORKUNDERI
Bideo hau egiteko Sorkunde Txurrukaren laguntza baliotsua izan nuen, bere osaba elkarrizketatzeko eta gaiak ateratzen joateko, bertoko euskara hobeto ulertzeko pistak emateaz gain. Mila esker Sorkunde!

2009/07/15

Teresa Garatea Natxituakoa

Teresa Garatea Natxituan jaio zen 1917 urtean. Bizimodua bertan egin zuen, eskolara joanez, jaietara irteten... baina goiz bueltatzen zen etxera, beti ere: gurasoak bestela...
1937ko Apirilaren bukaeran, Gernika bonbardatu eta gutxira, milizianoak erretiratzen ikusi zituen gau batez, Natxituako mendietarik.
Teresa biharamunean, egunero bezala, esnea saltzera joan zen bere astoarekin eta... soldadu alemanek erosi zioten den-dena, litroa pezeta batean ordainduz noski! Iraupena: 4:59

ESKERRAK FERNANDORI
Grabaketa hau Teresaren senide den Fernando Garatea matematikako irakaslearen laguntzarekin egin nuen. Irakaskide eta lagun honi beraz mila esker!

2009/07/09

Floren Uriarte Zeanurikoa

Floren Uriarte Zeanuriko Ipinan jaio zen 1920 urtean. Eskolan Bera de Bidasoako andereño bat euki zuen, ikasleak kaputxinoetara eraman nahi zituela. Eta apaiza gogor xamar aritzen zen dotriña ikas dezaten. Hamasei urtekin lan bila joan zenean, "gerra mugidu" egin zen eta... lanik gabe gelditu! Gerra Zibilaren erdian soldadu eraman zuten, 1938an Logroñora deitu zutelako, eta sei urte beranduago, itzuli zen etxera?
Non gelditu ziren Florenen urterik onenak? Udaberri Galdu bat izan zen beretzat denbora guzti hori.
Kontuen artean eta kantuen artean, horrela aitortzen digu berak. Iraupena: 9 min.
ESKERRAK:
Elkarrizketa hau Arratia institutuko irakaslea den Angel Larreari esker burutu da.

2009/07/08

Txanton Piperri Zeanurin

Floren Uriarte, Ipinako semeak, Txanton Piperri abestia kantatzen du, Zeanuriko bertsioan. Berak eta bere familiak, baserriko lanak egiten zituzten artean, artoa zuritzen zuten artean, eta goseari entretenitzeko asmoarekin, honela kantatzen zuten. Iraupena: 3:48

ESKERRAK:
Abesti hau Arratia institutuko irakaslea den Angel Larreari esker grabatu da. Angel IKABIL proiektuaren arduraduna da ikastetxean.

2009/07/07

Benigna Olabarrieta Lezamakoa

Benigna Olabarrieta Lezaman jaio zen 1924 urtean, Goitioitza auzoan. Bere familian 12 senide ziren, eta aitak etxe bat eraiki zuen, auzokoen eta familiakoen laguntzarekin.
Non? Gaztelumendi azpian. Gerra Zibila hasi zenean "gorrien kuartela" bihurtzeko agindua jaso zuten eta etxetik alde egin behar izan zuten. Frontea hurbildu ahala, etxetik ezezik, herritik ere alde egin behar izan zuten, 1937ko ekainaren 12an, San Antonio besperan. Frontea Santanderrera pasatu ondoren, etxera itzuli eta zer topatu? Benignak berak kontatzen digu den-dena. Iraupena: 9 min.

2009/07/02

Angelita eta Kontxi Belandia Galdakaokoak

Angelita eta Kontxi Belandia aizpak dira. Galdakaon jaio ziren, nagusia, Angelita 1927an eta gazteena, Kontxi 1929an. Ama alargundu zenean, Bekelarre auzotik, Elexaldera pasatu ziren. Lau semealabarekin, gerra garaian, babes bila ibiliz ziren, hasieran Galdakaon bertan; baina 1937ko udaberrian, Bilbo, Santander, Gijon, eta itsasontzia hartuta, Frantziara joan ziren.

2009/06/27

Galdakaoko Bikandi familiaren istorioak

Bizente Bikandi (1.926-2.009) Galdakaokoa zen; eta bere familiaren istorioak, Kontxi Belandiaren ahoan kontatuta entzungo ditugu.
Bikanditarrak etxe berezi batean bizi ziren: udal-etxean hain zuzen ere. Errepublikaren urteetan, tabernaren eta ostatuaren ardura zeramaten Galdakaon. Baina gerra hasi zenean, alde egin behar izan zuten; eta frankoren tropak sartu zirenean... kalean gelditu ziren. Bizenteren oroimenak bere emazte alargunak kontatzen dizkigu.

2009/06/26

2009/05/29

Martin Zabala Lemoakoa

Martin Mendatan jaio zen arren, hamar urtekin Lemoara joan zen, bere amari etxebizitza bat egokitu zitzaiolako! Martinen baserria Biztibieta zen, Lemoako Atxaren magalean. 12 urte bete behar zituenean, gerra hasi zen eta bere arazoak areagotu ziren: anaiaren tabakoa ezin eman, frontera joan zelako, baserritik alde egin behar, borrokak hurbiltzen zirelako...
1936ko udan gudarien lehen batailoiak ikusi zituen Arratiatik pasatzen, Otxandioko frontera joateko; eta pena ematen zutela dio, zein baliapide gutxiren kontatzen zuten ikusita. Entzun arretaz bere kontakizuna. Iraupena: 7 min.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

Fermin Larrea Basaurikoa

Fermin Larrea Basauriko Etxerre auzoan jaio zen. Handik eskolak hartzeko San Miguelera joan behar izaten zuen, bidean beldur-ikarak sentituz.
Gerra hasi zenean, bolondres joan zen frontera, aholku batekin: burua harriaren atzean jarri. Eta onik bueltatu zen. Iraupena: 7min.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

2009/05/27

Txomin Artetxe Arantzazukoa

Txomin Artetxe 1.914 urtean jaio zen Arratiako Arantzazun. Bere ama haurdun zegoela alargundu zen. Eta Txominen bikia, jaio eta gutxira hil egin zen. Bizimodua pobrea izan zuen Txominek gaztetan.
1.935 urtean soldadutza Zeutan egitea egokitu zitzaion. Eta lizenziatzeko egun gutxi falta zirenean... Francisco Franco agertu zen hidroabioian uztailaren 18an.
Entzuteko moduko istorioa da hau. Iraupena: 9 min.

2009/05/05

Mari Igarza Elorriokoa

Mari Igarza Elorrion jaio zen, herriko plazan dagoen etxe eder batean. Garai hartan bere familiarena zen eta taberna zabal bat zeukaten.
Eskolako oroimenak kontatzen dizkigu, zer ikasten zuten eta nolakoak ziren oporrak. 1936ko udakoak oso luzeak izan zirela aitortzen du. Eta bere anaiak oihukatu zuena gogoratzen du, maixuak mugarik gabeko oporrak izango zirela esatean. Gerragatik zenez... Biba-la-Gerra! deiadarra bota zuen ukabila altxatuz!

2009/03/16

Gregorio Etxebarria Leioakoa

Leioako Mendibile Barri baserrian jaio zen Gregorio Etxebarria, 1915. urtean. Bere etxeko bizimodua kontatzen du, Primo de Riveraren diktadurapean, hogeigarren hamarkadan. Elejaldeko eskolan ikasi zuena ere gogoratzen du, erdaraz noski, 14 urterekin aitari baserriko lanetan laguntzen gelditu zen arte: artoa erein, indaba batu eta labasuan erretzen zutena kontatzen digu.Iraupena: 4 min.