Mostrando entradas con la etiqueta udaberri_galdua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta udaberri_galdua. Mostrar todas las entradas

2010/07/18

Uztailaren 18an Maria Luisaren urtebetetzea

Maria Luisa Bengoak uztailaren 18a ondo gogoratzen zuen eguna da: bere urtebetetzea ospatzen zuelako. Gaurko egunez 90 beteko lituzke, duela gutxi zendu ez balitz. Bere alaba Marisari esker elkarrizketa interesgarri bat grabatu genuen, Maria Luisaren txikitako oroimenak jasoaz: nola hasi zen ikasten, institutura joaten zenekoa, 1934ko grebak izan zireneko gorabeherak... edo 1936ko urtebetetzea ospatzeko Arraiz mendira joan zirenekoa. Hona hemen 9 minututan emakume kementsu honen gaztaroaren laburpena, bere familiari opari gisan egina.

2010/06/22

Lemoatxan hildakoen oroimenez

Ekainaren 19an, Bilbo faxisten eskuetan erori zeneko egunaren 73garren urtemugan, Lemoako haitzean, Lemoatxan, pertsona ugari bildu zen gertatu zena gogoratzeko, Eta bizitza galdu zuten pertsonak oroitzeko. Unai Ortuzar udaleko zinegotziak hitzok irakurri zituen bildutako guztien aurrean.

2009/12/15

Donostian aurkezten da Udaberri Galdua

Udal liburuzainentzat antolatutako prestakuntza jardunaldi batean, Udaberri Galdua blogaren aurkezpena egingo du Josi Sierrak.
2009ko Abenduaren 16an Miramongo Teknologo parkean izango da, hemen ikus dezakezuen egitarauaren barruan.
ZERGATIK?
PESIren hileroko buletinean agertu zen azalpenean oinarrituta, liburuzainen prestakuntzaren arduradunek adibide interesgarri bat bezala ikusi zuten Udaberri Galduaren ekimena.
Eta ekitaldi osoa bezala, streaming bidez ikusgai egongo da aurkezpen hau ere.
Besteak beste, Bartzelonako Universidad Obertako (UOC) David Maniega egongo da "Existir y estar, nuevos (neo)dilemas de las redes sociales y las bibliotecas" gaia jorratzeko.
NOLA IKUS-ENTZUN?
Real Player edo VLC erreproduktorean helbide hau jarriaz: rtsp://streaming.euskaltel.es/encoder/cei.rm
Ondo segi... ekitaldia & bloga!

2009/07/18

Gerra Zibila hasi zeneko berria

1936ko uztailan Gerra Zibila baino militarren ohiko kolpe labur bat izango zela uste zuten gehienok: politikan sartuta zeudenak eta aurreko urteetako trajektoria ezagutzen zutenek behinik behin.
KOLPE MILITARRAREN BERRI
Igande goizean mezara joan zirenak ere, bidetik jakin zuten mugimendu hoien berri: Galdakaon adibidez, Victor Bengoetxea bere aitarekin Abusun topatu zituen miliziano euskaldun batzuk eta horrela esan zioten:
Ez dakizue gerreak urten dauela?
Entzun kontakizuna Victorren hitzetan, merezi du eta:

2009/07/15

Teresa Garatea Natxituakoa

Teresa Garatea Natxituan jaio zen 1917 urtean. Bizimodua bertan egin zuen, eskolara joanez, jaietara irteten... baina goiz bueltatzen zen etxera, beti ere: gurasoak bestela...
1937ko Apirilaren bukaeran, Gernika bonbardatu eta gutxira, milizianoak erretiratzen ikusi zituen gau batez, Natxituako mendietarik.
Teresa biharamunean, egunero bezala, esnea saltzera joan zen bere astoarekin eta... soldadu alemanek erosi zioten den-dena, litroa pezeta batean ordainduz noski! Iraupena: 4:59

ESKERRAK FERNANDORI
Grabaketa hau Teresaren senide den Fernando Garatea matematikako irakaslearen laguntzarekin egin nuen. Irakaskide eta lagun honi beraz mila esker!

2009/07/03

Aitaren besoetan ikasitako abestia

Edurne Egino Bilbokoak, gerra garaian aita galdu zuen. Baina bere aitaren besoetan ikasitako abestia ez du sekulan ahaztuko. Entzun abesti goxo hau, bere bihotz-ahotan. Iraupena: 1:45

2009/06/26

Kasilde Aginaga Markinakoa

Kasilde Aginaga Barinagarementeria Markinan jaio zen, duela 93 urte; hau da 1916 urtean Okerra kalearen 26an. Baina oraindik gaztetasunaren indarra eta gogoa mantentzen du aspaldiko kontuak gogoratzeko, eta zehatz mehatz kontatzeko:
  • udaberriko lore bat bezala jaio zela, apirilaren 9an
  • Primo de Riveraren diktadura garaian, debekatutako mezuak barruko jantzietan izkutatuta pasatzen zituela
  • gudari batekin maitemindu zenekoa edo
  • bere aita atxilotuta eraman eta jakin nahi zutena ateratzeko, biluztu zuteneko pasartea
Handik hilabete gutxira, bere aita hil egin zen. Baina Miren Kasilderen bizitzak beste pasarte asko ere badauzka, hurrengo batean kontatzeko modukoak. Iraupena: 7:16
ESKERRAK:
Grabaketa hau Patxi Juaristi EHUko irakasleari esker burutu da:
  • kontaktua egiteaz gain,
  • elkarrizketa osoa berarekin egin du Kasildek,
  • aurretiaz bildu duen informazioa asko delarik ere.
Mila esker Patxi!


NOR ZEN KASILDEREN AITA? (Patxi Juaristik bildutako informazioa)
Aginaga Ugarteburu, Jose Andres (Buru-biribil) Markinan jaio zen 1874 urtean eta 1938an hil zen.
Frankistak herrian sartu zirenean atxilotu egin zuten, eta Markinako kartzelara eraman, EAJ-ren antolaketari buruz informazioa ateratzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, Batzokiko lehenendakaria nor zen jakin nahi zuten Frankoren Asaltoko Guardiek.
Kartzelan biluztu egin zuten eta jo, baina berak ez zuen izenik eman. Kartzelan bizi izan zuenaren ondorioz, handik gutxira hil zen (1938an) arazo psikologiko larriekin.
Jose Andres zapataria zen. Bere tailerra Okerra kalean zegoen.
Joxepa Martina Angela Barinagarrementeria Arakistain-ekin (1874-1961) ezkonduta egon zen. Abertzaleak ziren, eta euren alaba Kasilde ere kartzelan sartu zuten abertzalea izateagatik. Euren errein Maria Luisa Belaustegiri hilea moztu zioten eta soldaduen kuarteleratu ziren etxeetako komunak garbitzen eduki zuten.

2009/06/24

1937ko uda azkena izan zen

1.937ko uda... azkena izan zen! Zer gehiago esan daiteke?
Udaberri Galduaren ondoren, ekainaren 19an Bilbo frankisten eskuetan erori ondoren, Joseba Agirreazkuenagak argi azaltzen digu: elkarrizketak izan ziren etengabe.
Baina adostasunik ez zen lortu burrukan zeuden bi aldeen artean; edo mezuak ez ziren iritsi etorri behar ziren bidetik...
Azkenean, udan zehar atzeraka, atzeraka joan ziren tropak, gobernua eta jendea, gobernu legitimoarekin zihoazen herritarrak.
Batzuk Santanderrera heldu arte: Laredo, Santoña; beste batzuk Torrelavega, Gijon, itsasoa zeharkatu eta... Frantzia, Holanda, Errusia, Mexiko, Argentina
Historiaren irakatsia oso argia da, Josebaren hitzetan.

2009/06/19

Bilbora sartu ziren militarrak Ekainaren 19an

Udaberri Galdua bukatzeko modurik argiena (eta gogorrena), 1937ko Ekainaren 19koa izan zen. Molaren tropak, Francoren laguntasun guztiarekin (alemaniar hegazkinak eta italiar tropak) Bilbora sartzen dira, Frente Norteko erasoan lorpen handi bat bezala. Arratsaldeko lauretan, Bilboko eleizetako kanpaiak jotzen ospatu zuten "biktoria". Joseba Agirreazkuenaga historia irakasleak, labur biltzen digu zer suposatzu zuten udaberriko hiru hilabete odoltsu horiek.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

2009/06/18

Gerra aurreko egoera

Joseba Agirreazkuena, EHUko Historia Garaikidearen irakasleak, 1.936ko gerra hasi baino lehen, zer gertatu zen azaltzen digu.
Aditu honen aburuz, 30etako hamarkada mugitua izan zen, bai politika kontuetan, bai sozialki ere. Hementxe dugu, 7 minututan kontatuta, laburpen interesgarri bezain zehatza.

Udaberri Galdua etb3 telebistan

Nickdutnik saioan Udaberri Galdua proiektua hartu dute erreportai bat egiteko gai bezala. Ruben Sanchezen zuzendaritzapean eta Sara eta Cristinaren esanetara jarriz, Josi Sierrak azaldu ditu proposamen pedagogikoaren nondik norakoak.
Eskerrik asko eitbko lagunei eta euren istorio pertsonalak kontatzen parte hartu duten guztiei (ahaztu gabe loreak bilatzeko laguntza eman duzuen blogari guztiei).
Orain proposamen pedagogikoa borobiltzea baino ez da falta!

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO
Gaia sakondu nahi baduzu:

2009/05/13

Cesario Irigoien Iturengoa

Cesario Irigoien Nafarroako iparraldeko Ituren herri ospetsuan jaio zen (gogoratzen Mikel Laboaren abestia? Iturengo arotza....) ; eta bertako eskolara joan ohi zen, neguan elurtea zegoenean ere. Baserriko lanak egiten zituen txiki-txikitatik, eta basora egur bila, belarra mozten edo ganadua biltzen ohituta zegoen. Lan guzti horiek egiteko, umorea eta adorea galdu gabe, kantari ibiltzen zen.
Oraindik abestiak ondo gogoratzen ditu Cesariok: entzun, entzun! Iraupena: 5:55 min.

2009/05/12

Pertsonekin hitz egiten ikasten da

Udaberri Galdua proiektuan Gerra Zibilari buruz ikasteko, jendearengana jo dugu. Eta esaldi hau egiaztatzen tematu gara: pertsonekin hitz egiten... ikasten da.
Historia ere bai; horregatik etno-historia egiten saiatu gara.

EHUN LORE, MILA ESKER
Hona hemen bere bizipenak eta sentipenak, eskuzabal, gurekin konpartitu duten nagusiak. Denak 80 urtetik goragoak, gehienak inoiz euskaran alfabetatu gabeak, baina den-denak bere bihotza zabaldu digutenak. Eskerrik asko denori!

2009/05/05

Mari Igarza Elorriokoa

Mari Igarza Elorrion jaio zen, herriko plazan dagoen etxe eder batean. Garai hartan bere familiarena zen eta taberna zabal bat zeukaten.
Eskolako oroimenak kontatzen dizkigu, zer ikasten zuten eta nolakoak ziren oporrak. 1936ko udakoak oso luzeak izan zirela aitortzen du. Eta bere anaiak oihukatu zuena gogoratzen du, maixuak mugarik gabeko oporrak izango zirela esatean. Gerragatik zenez... Biba-la-Gerra! deiadarra bota zuen ukabila altxatuz!

2009/05/02

Luismari Azpiri Eibarkoa

Luis Mari Azpiri Eibarren bizi zen Gerra Zibila hasi arte. Frontera boluntario moduan joan zen Amuategi batailoiarekin, Durango aldean zaurituta erori arte. Bonba batek estanda egin zuen lubaki gainean eta, beste zauri batzuen artean, hanka hautsi egin zuen. Bere anaiak atera zuen lurraren azpitik eta ospitalera eraman zuten. Handik gutxira bere anaia, gazte-gazterik, hamabost urtekin, Peña Lemonan hil zen tiro batez. 1937ko Ekainaren hasieran izan zen. Bere ama hiru aste beranduago enteratuko zen berri hauetaz...
Entzun Luismariren kontakizun hunkigarri hau. Iraupena: 9 min.

2009/04/29

Fernando Berradre Donostikoa

Fernando Berradre Donostian jaio zen 1927an , eta bederatzi urtekin bere hiria utzi behar izan zuen bapore batean. Ondoren Bermio, Bilbo eta... Habana ontzian irten zen Iparralderantza, 1937ko ekainan. Entzun bere historioa, 9 minututan laburtuta.

2009/04/28

Inaki Bengoetxea Mendexakoa

Inaki Bengoetxea Mendexan jaio zen 1921eko abuztuaren 8an. Aurtengo udaberrian 88 urte beteko ditu. Gaztetan eskolara joaten zen, baserriko lanak egiten laguntzen zuen, eta eliza ondoko frontoian jolasten zuen.
Halako batean Alemaniako gizon bat azaldu zen Lekeitio ondoko auzo txiki honetan. Eta apaizaren etxean hartu zuen ostatu; maixuarekin batera mendietara joan eta planoak egiten zituen. Uztailaren hasieran apaiza, maixua eta alemaniarra desagertu ziren. Zortzi egun beranduago gerra zibila hasi zen. Kasualitatea akaso?
Ala Gernika bonbardeatzeko abioientzat marrazkiak egiten ibili ote ziren? Inakik kontatzen digu historia hau bideo labur honetan.Iraupena 9:50.

2009/03/27

Inazio Ernabide Zizurkilekoa

Inazio Ernabide Zizurkilen jaio zen, baina Osintxun bizi zen gerra hasi zenean. Eibarren lan egin ondoren, Bergara ere ibili zen eta 1936ko udan, legionario baten atzetik, Errepublikaren alde armak hartu zituen. Tabernaren baten ordaindu gabe atera ziren "Biba la Republika" esanez ere. Iraupena: 7:37 (Jatorrizko bideoa Youtuben Kalitate Handian -HD-)

2009/03/26

Edurne Egino Bilbokoa

Bilbo-Bilbokoa da Edurne Egino, Barrainkua kalekoa!
San Vicente elizan bateatuta eta Begoñan lehenengo jaunartzea egindakoa. Ez dago zalantzarik.
Eskolan euskaraz ikasi zuen, Arriendar Miren andereñoarekin, eta Errotatxuetako Ikastolan: Escuelas Vascas de Errotatxueta.
Argiago berak azalduko digu bideo honetan. Iraupena 2:06

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:
Errotatxuetako Ikastolaren argazkia 1932 urtekoa

Lore Albizu Zumaiakoa

Zumaian jaio zen Lore Albizu 1931 urtean. Bere familiarekin batera kanporatua izan zen 1937ko otsailan herria hartu zuten militarrek derrigortu zutelako. Sei urte besterik ez zeukan. Bideo honetan kontatzen digu nola izan zen. Iraupena 3:50