Mostrando entradas con la etiqueta emakumea. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta emakumea. Mostrar todas las entradas

2009/07/24

Beatriz Salinas Galarretakoa

Beatriz Salinas Martinez de Ordoñana Arabako Galarretan jaio zen 1.926an. Bere familian uztailako hainbat senide zeuden eta ondo gogoratzen dute udako momentu hori. Eskolara ibili zeneko momentuak oso gogoko ditu, Don Bernardino maixuaren ikasgaiak bezala. Bere familian, politika kontuetan, denetatik zegoen:
  • amaren aldetik tradizionalak baziren ere
  • aitaren aldetik errepublikaren aldekoak ziren
Bere aita, Perico, Izquierda Republicana-koa zen eta osaba, Constantino, sozialista nafarra. Ume denborako oroimenak kontatzen dizkigu Beatrizek, 36ko uda iritsi arte: uda hori bero-beroa izan zen Zalduondon eta inguruko herrietan.

ESKERRAK JUANERI
Grabaketa hau egiteko ezinbestekoa izan da Juan de la Vega IEKom ikaskidearen laguntza: mila esker Juan!

2009/07/15

Teresa Garatea Natxituakoa

Teresa Garatea Natxituan jaio zen 1917 urtean. Bizimodua bertan egin zuen, eskolara joanez, jaietara irteten... baina goiz bueltatzen zen etxera, beti ere: gurasoak bestela...
1937ko Apirilaren bukaeran, Gernika bonbardatu eta gutxira, milizianoak erretiratzen ikusi zituen gau batez, Natxituako mendietarik.
Teresa biharamunean, egunero bezala, esnea saltzera joan zen bere astoarekin eta... soldadu alemanek erosi zioten den-dena, litroa pezeta batean ordainduz noski! Iraupena: 4:59

ESKERRAK FERNANDORI
Grabaketa hau Teresaren senide den Fernando Garatea matematikako irakaslearen laguntzarekin egin nuen. Irakaskide eta lagun honi beraz mila esker!

2009/07/13

Raul Blanco Santanderrekoa

Raul Blanco Herrera Santanderreko Valdecillan jaio zen 1938 urtean.
Umetan Mutrikura etorri zen, bere amaren besoetan: Saturrarango kartzelara hain zuzen ere!
Bere aita errepublikaren aldekoa omen zen, eta Santanderretik alde egin zuen Frantzia aldera. Ama bere familiarekin Valdecillan gelditu zenez, militarrak hartu eta... atxilotu zuten Aurora Herrera, ume txikiarekin: Raulekin.
Raulek orain, bere lehen oroimenak eta gazteetako kontuak azaltzen dizkigu Mutrikun egin dugun elkarrizketa honetan.
Baina amaren bizimodua kartzelan ere kontatzen digu, nagusitan jakin ahal izan zuenagatik: amak ez bait zion txitik ere kontatu nahi izan! Iraupena: 5:15

2009/07/10

Margarite Albizu Zumaiakoa

Margarite Albizu Zumaian jaio zen 1.933 urtean. Bere gurasoak euskaldunak eta abertzaleak ziren. Gerra Zibila hasi zenean, aita eta osaba bat "mendira" joan ziren, ez ditzaten harrapatu. Aitaren anaia bertan hil zen.
NAZIONALAK SARTU ONDOREN...
1936ko irailan tropa nazionalak herria "liberatu" zuten. 1937ko otsailan erregimenarekin bat ez zetozenak espultsatzea erabaki zuten, hau da, erbestera bialtzea: tartean Margariteren familia.
Handik Bilbora joan ziren, gero Santanderrera, eta itsasontziz, Frantziara iritsi ziren, babes bila. Gerra bukatu ondoren bueltak etorri ziren, Zumaiara iritsi zirenean.
..

2009/07/07

Benigna Olabarrieta Lezamakoa

Benigna Olabarrieta Lezaman jaio zen 1924 urtean, Goitioitza auzoan. Bere familian 12 senide ziren, eta aitak etxe bat eraiki zuen, auzokoen eta familiakoen laguntzarekin.
Non? Gaztelumendi azpian. Gerra Zibila hasi zenean "gorrien kuartela" bihurtzeko agindua jaso zuten eta etxetik alde egin behar izan zuten. Frontea hurbildu ahala, etxetik ezezik, herritik ere alde egin behar izan zuten, 1937ko ekainaren 12an, San Antonio besperan. Frontea Santanderrera pasatu ondoren, etxera itzuli eta zer topatu? Benignak berak kontatzen digu den-dena. Iraupena: 9 min.

2009/07/06

Benita Imaz Etxarrikoa

Benita Imaz Etxarri Aranazen jaio zen 1.924an. Bere etxean zazpi aizpa ziren eta azkenean, zortzigarrenean, mutila jaio zen: Jose Mari. Benitak ez zuen denbora askorik izan eskolara joateko, ezta jolasteko ere: amari lagundu behar zion.
Hamabi urte zituela, 1.936 urtean, neskame joan zen, etxean lagundu nahian. Nora eta... Legazpiko "Centro Republicano"-ra hango familia baten umea zaintzera.
GERRA ZIBILAREN HASIERA
Uda horretan gerra hasi eta, familia hortako aita errepublikaren aldekoa zenez, alde egin behar izan zuten Legazpitik... Gernikara!.
Benita 1.937ko udaberrian Bizkaiko hiri eder horretan dagoela, hegazkin alemaniarren bonbardaketa izan zen. Bere oroimenak kontatzen dizkigu: beldurrak eta jasandako zigorrak, bizirik atera zirenak eta gerran hil zirenak, Estebantxorekin egindako lanak eta gerra ondoren bizitakoak ...
Grabaketa hau Juan de la Vega ikaskidearen laguntzarekin eginda dago, bai ekoizpena bai kamara errealizazioa.

2009/07/03

Aitaren besoetan ikasitako abestia

Edurne Egino Bilbokoak, gerra garaian aita galdu zuen. Baina bere aitaren besoetan ikasitako abestia ez du sekulan ahaztuko. Entzun abesti goxo hau, bere bihotz-ahotan. Iraupena: 1:45

2009/07/02

Angelita eta Kontxi Belandia Galdakaokoak

Angelita eta Kontxi Belandia aizpak dira. Galdakaon jaio ziren, nagusia, Angelita 1927an eta gazteena, Kontxi 1929an. Ama alargundu zenean, Bekelarre auzotik, Elexaldera pasatu ziren. Lau semealabarekin, gerra garaian, babes bila ibiliz ziren, hasieran Galdakaon bertan; baina 1937ko udaberrian, Bilbo, Santander, Gijon, eta itsasontzia hartuta, Frantziara joan ziren.

2009/06/26

Kasilde Aginaga Markinakoa

Kasilde Aginaga Barinagarementeria Markinan jaio zen, duela 93 urte; hau da 1916 urtean Okerra kalearen 26an. Baina oraindik gaztetasunaren indarra eta gogoa mantentzen du aspaldiko kontuak gogoratzeko, eta zehatz mehatz kontatzeko:
  • udaberriko lore bat bezala jaio zela, apirilaren 9an
  • Primo de Riveraren diktadura garaian, debekatutako mezuak barruko jantzietan izkutatuta pasatzen zituela
  • gudari batekin maitemindu zenekoa edo
  • bere aita atxilotuta eraman eta jakin nahi zutena ateratzeko, biluztu zuteneko pasartea
Handik hilabete gutxira, bere aita hil egin zen. Baina Miren Kasilderen bizitzak beste pasarte asko ere badauzka, hurrengo batean kontatzeko modukoak. Iraupena: 7:16
ESKERRAK:
Grabaketa hau Patxi Juaristi EHUko irakasleari esker burutu da:
  • kontaktua egiteaz gain,
  • elkarrizketa osoa berarekin egin du Kasildek,
  • aurretiaz bildu duen informazioa asko delarik ere.
Mila esker Patxi!


NOR ZEN KASILDEREN AITA? (Patxi Juaristik bildutako informazioa)
Aginaga Ugarteburu, Jose Andres (Buru-biribil) Markinan jaio zen 1874 urtean eta 1938an hil zen.
Frankistak herrian sartu zirenean atxilotu egin zuten, eta Markinako kartzelara eraman, EAJ-ren antolaketari buruz informazioa ateratzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, Batzokiko lehenendakaria nor zen jakin nahi zuten Frankoren Asaltoko Guardiek.
Kartzelan biluztu egin zuten eta jo, baina berak ez zuen izenik eman. Kartzelan bizi izan zuenaren ondorioz, handik gutxira hil zen (1938an) arazo psikologiko larriekin.
Jose Andres zapataria zen. Bere tailerra Okerra kalean zegoen.
Joxepa Martina Angela Barinagarrementeria Arakistain-ekin (1874-1961) ezkonduta egon zen. Abertzaleak ziren, eta euren alaba Kasilde ere kartzelan sartu zuten abertzalea izateagatik. Euren errein Maria Luisa Belaustegiri hilea moztu zioten eta soldaduen kuarteleratu ziren etxeetako komunak garbitzen eduki zuten.

2009/06/09

Domi Zugarramurdi Doneztebekoa

Domi Zugarramurdi 1917 urtean jaio zen, Bidasoa ibaiaren ondotxoan: Uhartean. Eta urak bere familiaren bizitza sakonki markatu zuen. Asko ikasi zuen Doneztebeko mojen kolegioan eta Santanderrera joateko zenean, enfermera ikastera, Gerra Zibila hasi zen. Donezteben 13 hildako izan ziren gerraren ondorioz; baina herritik kanpo: han gerra ez zen pasatu, "los de la gerra" pasatzen ikusi zituzten.
Ikus-entzun bere kontakizuna bideo labur honetan.


GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

2009/05/27

Maria Jesus Inarra Getarikoa

Maria Jesus Inarra Getarian jaio zen. Gerra Zibila hasi eta gutxira, bere herria, Errepublikaren kontra altxatu ziren militarren menpean erori zen; eta bere ume-begiekin gudari eta milizianoen familikoak nola "espultsatu" zituzten ikusi zuen, bere etxekoak barne.

2009/05/05

Mari Igarza Elorriokoa

Mari Igarza Elorrion jaio zen, herriko plazan dagoen etxe eder batean. Garai hartan bere familiarena zen eta taberna zabal bat zeukaten.
Eskolako oroimenak kontatzen dizkigu, zer ikasten zuten eta nolakoak ziren oporrak. 1936ko udakoak oso luzeak izan zirela aitortzen du. Eta bere anaiak oihukatu zuena gogoratzen du, maixuak mugarik gabeko oporrak izango zirela esatean. Gerragatik zenez... Biba-la-Gerra! deiadarra bota zuen ukabila altxatuz!