2009/04/29

Fernando Berradre Donostikoa

Fernando Berradre Donostian jaio zen 1927an , eta bederatzi urtekin bere hiria utzi behar izan zuen bapore batean. Ondoren Bermio, Bilbo eta... Habana ontzian irten zen Iparralderantza, 1937ko ekainan. Entzun bere historioa, 9 minututan laburtuta.

2009/04/28

Inaki Bengoetxea Mendexakoa

Inaki Bengoetxea Mendexan jaio zen 1921eko abuztuaren 8an. Aurtengo udaberrian 88 urte beteko ditu. Gaztetan eskolara joaten zen, baserriko lanak egiten laguntzen zuen, eta eliza ondoko frontoian jolasten zuen.
Halako batean Alemaniako gizon bat azaldu zen Lekeitio ondoko auzo txiki honetan. Eta apaizaren etxean hartu zuen ostatu; maixuarekin batera mendietara joan eta planoak egiten zituen. Uztailaren hasieran apaiza, maixua eta alemaniarra desagertu ziren. Zortzi egun beranduago gerra zibila hasi zen. Kasualitatea akaso?
Ala Gernika bonbardeatzeko abioientzat marrazkiak egiten ibili ote ziren? Inakik kontatzen digu historia hau bideo labur honetan.Iraupena 9:50.

2009/04/27

Gernikako bonbardaketaren berria

Gernikako bonbardaketaren berria Eguna egunkarian agertu ahal izateko bi egun pasatu beharko ziren, lehenago erreakzionatzeko modurik ez baitzuten izango ere. Hiri sinboliko horrentzat kolpe gogorra izateaz gain, beste herri eta eskualde askotan ere bonbak erori eta erori zebiltzan 1937ko udaberri galdu hartan (Bonbardaketaren berria agertzen den orri berean, parkamena eskatzen diete irakurleei,azken orduko arazoak zirela medio, astearteko edizioa ez zelako kaleratu).
Baina Apirilaren 28ko Eguna-n honela irakurri eta ikusi dezakegu, bonbardaketa basatiaren informazioa, egun horretako azken orrialdean:
"Gernika, euzkotarren uri maitea, birrindu nai izan dabe zearo
Aritza zutik gelditu da, ordea, ondamendi orretan. Zutikago euzkotarren gogoa, baina."
Testuaren transkripzio zehatzagoa irakurri daiteke dokumentu honetan.

2009/04/25

Apirilaren 25ean abertzaletasunaren indarraz

1937ko Udaberrian erasoak areagotuz joan ziren eta indarren aldea gero eta nabariagoa zen.
Apirilaren 25eko Eguna egunkarian horrela adierazten da, metafora paregabe batekin:
"Euzkadiren azkatasuna idazten diardugu gure mendietan
Joaldirik indartsu ta bizienak Elgeta Elorrio aldean.- Gure mutillak abertzaletasunak bakarrik eragin daiken indarraz, oinik oin zaindu eta aldeztuten dabe gure lurra.- Paxisten egazkin ugari gure mendietan.-"

Eta egun bereko lehen orrialdean honela aldarrikatzen dute defentsarako egazkinen beharra:
"Egazkiñak nai doguz. Atzo areyua geure gibelian dogunian kezka ta urduritasunak sortuten dabiltzanentzat jardun gintzazan, orretaikuak negargarri ta lotsagarri zirala agertubaz. Gaur idazkin ganorabakuak bastar gustijetan inkau daroezenentat jardun biar gara. Leyotik-leyora izki-aundidun zapi zarrak eta jarioi dabezanantzat." (testuak darrai)
Bukaeran honela dio:
"Egazkinak gura doguz. Egazkiñak biar doguz, erriketa ta azpikeri guztijak baño ongarrijago doguzalako. Idazkun ganorabakorik eztogu biar. Egazkinak biar doguz."

2009/04/20

Bilbo suagatu zutenekoa

1937ko Apirilaren 20 Eguna egunkarian Bilbo hiria suagatu zutenekoa kontatzen dute. Honela dio berriak:
"Paxisten egazkiñak koldarkeriz beteta Bilbo suagatu eben.
Kale ugaritan kalteak egin ebezan.- Garezti ordaindu eben egazkiñak euren ausarkeria.- Egazkin bi lurrera.- Bata Arrigorriaga eta Galdames bitartean, bestea legutiano ingurutan. Alemaniarrak Euzkadi'n.- Bonben kaltiak.- Illak eta zaurituak.- Gure egazkinlarien adorea eta ertzañen lan txalogarria.

Lehen orrialdean, bi eta hiru zutabeetako zabaleraz, hemen ikusi daitezkeen bi argazkiak argitaratu zituzten ere, lurrera botatako bi hegazkinen ondakinak ikusi daitezen.

Intxortako lubakiak Elgeta inguruan

Gerra Zibilaren frontea negu osoan gelditu zeneko lekua babesteko ekimena bultzatu dute Elgetan, herri horretako web orrian jakin dugun bezalaxe. Intxortako Atea deitzen den monumentuaren inguruan dauden lubakiak eta gerra egiturak berreskuratu eta erakutsi egingo dira, orduko gertaerak hobeto ahal izateko. Bideo honetan Jesus Gutierrezen hitzak entzun ditzakegu, turismo zinegotziaren zehaztasunak eta alkatearen azalpenekin batera: "gertatutakoa ezagutu, berriro gertatu ez dadin"

2009/04/14

Errepublikaren urtemuga Egunan

1937ko Apirilaren 14an, Errepublika aldarrikatu zeneko urtemugan, Eguna egunkarian Espainiako egoerari aipamena egiten diote, orduko alearen irudian ikus daitekenez.
Gerra Zibilaren argazki bat egiten du, froteak nola dauden jakin ahal izateko.

2009/04/10

Galdakaon bonbardaketa egon zen

1937ko Eguna egunkarian, Galdakaoko bonbardaketa baten berri aurkitzen dugu, inguruko beste herri batzuetan bezala.
Udaberri ilun horretako egun askotan bezala, hegazkinek beldurra eragin zioten herritar xumeei, Bizkaian zehar. Oraingoan honela dio Egunaren kronikak:
Paxisten egazkiñak
GURE ERRI BAKETSUAK SUAGATU DITUE
Paxisten egazkinak ez dira aspertu errian ikarea sartzen negarra eruanaz
Erri baketsuak, indarrik bako erriak, dira oraingoan aukeratuak.
Arratiako errietan negarrik asko eragin dabe azken-egunetan, sua alde-batetik besteraño piztuaz.
Atzo be alde orretan ibili ziran eta Bilbao'ren inguruetan.
Ubao, Arrigorriaga, Enekuri, Galdakano, Erletxes, Usansolo, Urgoiti eta inguruak izan ziran atzo aukeratuak.
Egazkiñak itxasotik etorri ziran eta itxasora biurtu itxura batez.
Arrigorriagan ingi (papel) lantegi gañera jaurti nai izan eben. Leyar (kristal) batzuk apurrtzia baño besterik ezeben lortu.
Urgoiti-Erletxes inguruetan ibili ziran geyen bat.
Bide gañera bonba ugari jaurti zituezan kalte andirik egitea lortu barik.
Biderik ebagiterik ezeben al izan. Bide ertzetan zulo ugari ikusi genduzan, baña bidea zabal dago belbilentzat.
Baserri bat lurrera jaurti eben inguru oneitan. Giza semien artean negarra sortu eben atzo ere.
Zaurituetatik ugari osatu ziran Bilbao'ko osategian, asko bigun eta makal zaurituak ba'ziren be.
Guztien izenik ezin lortu izan dogu, Osategian Matiko'ko tunelean egon zan ez biarreko zaurituekaz batera osatuan izan zireako.
BIDEO-LEKUKOTASUNA
18 pertsonaren izen abizenekin batera, egun horretan urtebetetzea ospazen zuen pertsona baten oroimen ezabaezina jartzen dugu, basakeri haren lekuko bat bezala. Zorionak modu baketsuan ospatu ezin izan zituen, Altamirako Victorren testigantza duzue bideo honetan.

2009/04/07

Dima eta Urkiolan borrokatzen

1937ko Apirilaren 7ko Eguna egunkarian frontearen berri jasotzen dugu: Molaren tropak Dima eta Urkiola erasotzen ari dira. Eta gudariak eusten!
Honela dio:
"EUZKO GUDA-OÑETAN
Paxistak gogorkiro joten jarraitzen dabe, baña gure gudariak kemenez eusten dautse.
Diameta Urkiola gañerantz egin ditue paxistak joaldi guztiak.- Guda tramankulu ugari agertu ta erabili ditue ekiñaldietan, baña gure gudariak, euzkotarren sendotasunez, oiñik oin zaindu ditue euren lurrak.- Urkiola'koei lagun egiten joyazan saialdi bat ezerestuta laga dabe Elorrio´tik.- Egazkin bi lurrera"
ARGAZKIA
Ondoren ertzainak desfile batean agertzen dira. Eta argazkiaren oinak honela dio:
"Ertzain oneik, trebetasun andijetaikua dabela, argazki onetantxe ederto ikusi daikezu. Eta ez uste ixan New York'kuak edo direla. Euzkadi'kuak dira, ba."

2009/04/03

Julian Astola Olaetakoa

Julian Astola Argoitia Olaetan jaio zen 1926 urtean.
Otxandio ondoko auzo eder horretan jolastu eta ikasi egin zuen, gerra hasi arte. Bederatzi urtekin hasi zen eskolara eta doktrina euskaraz ikasi zuen bertako apaizarekin.
Baina apaizaren hizkuntza eta benetako tratua, gerra ondoren ikusi zuten, Julianek bideoan kontatzen digun bezala. Iraupena 6:20

2009/04/02

Durango'ko suagaketen ondoren

Egunaren lehen orriak honela dio:
1937'gn. jorraila 2'gna barikua. 78'gn. zenbakija. Lgo. urtia
Euzkadi'ko guda-oñetan jo ta ke.
Faxistak, indar guztiak batuta, era guztietako armak erabiliaz aurrera egin nai dabe, baña gure dugdarien adore eta kemenaren aurrean geratu bearrean aurkitu dira.- Lekeitio'ko guda-oñetan paxistak anka jokuan.- Egazkin bi lurrera jaurti paxistei.

DURANGO'KO suageten ondoren
Durango'ko etxetan negarra da begietan. Etxeak lurra jota, kaleak eten da, ormak zulatuta, biotzak ler eginda.
Miña eta negar ulua besterik ez dogu entzun eta igarri gure ibileran.
Zoztorrez beteriko kaletan langile biotztunak traste zarrak bastartu eta jasoten.
Bardin etxe geyenetan.
Ikusi ezik, ezin lei sinistu zenbaterañokoa izan dan egazkinen basatikeria. Etxe zarretan eta elizetako zoztor artean ildako geyago agertu ziran atzo. Lengoekaz bat eginda eundik gora dira berun ilkorrak betiko atsedena emon eutsenak. Eun eta ogetamar bat. Emakume eta umeak geyenak. Oraindik gaitz da ilen izenak agertzea, asko igarri eziñean geratu ziran eta ezda errez izango eurak ezagutzen. Beste egunen baterako laga bear nai ta ez ildakuon izenak agertzia.
Atzo osategian lenengo osakuntzak egindako zauritu ugarin izenak emon genduzan.
Ez egozan guztiak; lenengotan osategian sartu eta izenez agertuak baño. Zauritu orrein artetik batzuk il dira. Atzo ta arañegun gaisotegian ildako izen batzuk ba'ditugu.
Ara eurak: (21 izen abizen agertzen dira, irudian ikusi daitekeen bezalaxe)


OHARRAK:
  • R bikoitza jarri da transkripzioan, garai hartan erabiltzen zena r azentuarekin bada ere, ez da idazten erreza)
  • Eguna egunkariaren ale guztiak Hemeroketan aurkitu daitezke, 1937ko urtarriletik hasita eta Bilbo militar golpisten eskuetan erori zen arte: Ekainaren 19rarte.

2009/04/01

Durangoko bonbardaketa Eguna-n

Durangoko bonbardaketa biharamuneko Eguna egunkarian agertu zen apirilaren lehen egunean.
Bere lehen orrialdean argi uzten zuen bonbardaketaren arduraduna nor zen:
"Paxisten egazkiñak Tabira zarraren gañean
Durango'ko Miren deunaren elizara bonba ugari jaurti zituen.- Kristo'ren Odol deuna orma eta zoztor artean ixurita.- Otoi egiten egozan monja bigunal il.- Jaunartzeko ziran gudariak odoletan, gorputzak zatituta.- Meza esaten iñarduen abadeak, berun ilkorrak jota"
Deskripzio zehatzarekin batera, 3 argazki ere jartzen zituen lehen orrialdean, froga moduan, inori zalantzarik ez gelditzeko.

ANDIKONATIK IKUSITA
Udaberri Galduaren lekukoen artean Pilar Lazpita dugu, Durango bonbardaketa aparteko leku batetik ikusi zuena: Berrizko Andikona auzotik. Hona hemen bere testigantza.