2009/06/27

Galdakaoko Bikandi familiaren istorioak

Bizente Bikandi (1.926-2.009) Galdakaokoa zen; eta bere familiaren istorioak, Kontxi Belandiaren ahoan kontatuta entzungo ditugu.
Bikanditarrak etxe berezi batean bizi ziren: udal-etxean hain zuzen ere. Errepublikaren urteetan, tabernaren eta ostatuaren ardura zeramaten Galdakaon. Baina gerra hasi zenean, alde egin behar izan zuten; eta frankoren tropak sartu zirenean... kalean gelditu ziren. Bizenteren oroimenak bere emazte alargunak kontatzen dizkigu.

2009/06/26

Pedro Akarregi Lekeitiokoa

Pedro Akarregi Lekeition jaio zen.

Kasilde Aginaga Markinakoa

Kasilde Aginaga Barinagarementeria Markinan jaio zen, duela 93 urte; hau da 1916 urtean Okerra kalearen 26an. Baina oraindik gaztetasunaren indarra eta gogoa mantentzen du aspaldiko kontuak gogoratzeko, eta zehatz mehatz kontatzeko:
  • udaberriko lore bat bezala jaio zela, apirilaren 9an
  • Primo de Riveraren diktadura garaian, debekatutako mezuak barruko jantzietan izkutatuta pasatzen zituela
  • gudari batekin maitemindu zenekoa edo
  • bere aita atxilotuta eraman eta jakin nahi zutena ateratzeko, biluztu zuteneko pasartea
Handik hilabete gutxira, bere aita hil egin zen. Baina Miren Kasilderen bizitzak beste pasarte asko ere badauzka, hurrengo batean kontatzeko modukoak. Iraupena: 7:16
ESKERRAK:
Grabaketa hau Patxi Juaristi EHUko irakasleari esker burutu da:
  • kontaktua egiteaz gain,
  • elkarrizketa osoa berarekin egin du Kasildek,
  • aurretiaz bildu duen informazioa asko delarik ere.
Mila esker Patxi!


NOR ZEN KASILDEREN AITA? (Patxi Juaristik bildutako informazioa)
Aginaga Ugarteburu, Jose Andres (Buru-biribil) Markinan jaio zen 1874 urtean eta 1938an hil zen.
Frankistak herrian sartu zirenean atxilotu egin zuten, eta Markinako kartzelara eraman, EAJ-ren antolaketari buruz informazioa ateratzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, Batzokiko lehenendakaria nor zen jakin nahi zuten Frankoren Asaltoko Guardiek.
Kartzelan biluztu egin zuten eta jo, baina berak ez zuen izenik eman. Kartzelan bizi izan zuenaren ondorioz, handik gutxira hil zen (1938an) arazo psikologiko larriekin.
Jose Andres zapataria zen. Bere tailerra Okerra kalean zegoen.
Joxepa Martina Angela Barinagarrementeria Arakistain-ekin (1874-1961) ezkonduta egon zen. Abertzaleak ziren, eta euren alaba Kasilde ere kartzelan sartu zuten abertzalea izateagatik. Euren errein Maria Luisa Belaustegiri hilea moztu zioten eta soldaduen kuarteleratu ziren etxeetako komunak garbitzen eduki zuten.

2009/06/24

1937ko uda azkena izan zen

1.937ko uda... azkena izan zen! Zer gehiago esan daiteke?
Udaberri Galduaren ondoren, ekainaren 19an Bilbo frankisten eskuetan erori ondoren, Joseba Agirreazkuenagak argi azaltzen digu: elkarrizketak izan ziren etengabe.
Baina adostasunik ez zen lortu burrukan zeuden bi aldeen artean; edo mezuak ez ziren iritsi etorri behar ziren bidetik...
Azkenean, udan zehar atzeraka, atzeraka joan ziren tropak, gobernua eta jendea, gobernu legitimoarekin zihoazen herritarrak.
Batzuk Santanderrera heldu arte: Laredo, Santoña; beste batzuk Torrelavega, Gijon, itsasoa zeharkatu eta... Frantzia, Holanda, Errusia, Mexiko, Argentina
Historiaren irakatsia oso argia da, Josebaren hitzetan.

2009/06/23

Aurkezpena Donostian

Udaberri Galduaren aurkezpen bat egiteko gonbitea luzatu zidaten Politika 2.0ren ikastaroan. Mahai inguru baten barruan, beste proposamen eta proiektuekin batera 10/15 minutuko tartea erabiliz. Hona hemen prestatu dudana, bloga bisitatzea eta ezagutzearekin batera. Bukaeran Imanol Ortiz de Zarateren bideoa ikusiko-entzungo dugu, bere umorea eta abestiekin gozatuz.

1936ko negua: Urritik Martxora

1936ko negua luzea izan zen: ea ea 9 hilabete izan zirela esan dezakegu.
Gerra hasi zenetik (uztailan) gauzak geldo joan ziren, udazkenerarte.
Urriaren 7an Agirre lehendakariak gobernua antolatu zuenetik, 1937ko martxorarte nahi et ezinezko istorio asko gertatu ziren. Joseba Agirreazkuenagak jaurlaritzaren nahiak eta ezinak zehazten dizkugu bideo labur honetan.

2009/06/22

Gerraren hasiera 1936ko udan

Joseba Agirreazkuenaga, EHUko Historia Garaikidearen irakasleak, Gerra Zibilaren lehen hilabeteak azaltzen dizkigu. Gerraren hasieran, militarrak estatu kolpea ematen saiatu zirenetik, gerra zibilaren estrategia bihurtu zen arte:
  • Uztailaren 18an tropak altxatu ziren Afrikan, eta Andaluziatik sartu ziren peninsulara
  • Euskal Herriko lurralde bakoitzean egon zen erantzuna zehaztu arte: Nafarroan eta Araban militarrekin, Gipuzkoan eta Bizkaian Errepublikarekin.
Agirreazkuenagak lurraldez lurralde, eta hiriburuz hiriburu azaltzen du zein zen egoera, udako hilabete horietan.
Urriaren hasieran, Euzko Jaurlaritza antolatu zen arte, jeltzaleak estatutua lortzeko, zalantza batzuk tarteko, Errepublikaren legitimitatea defendatzea erabaki zutelako.



GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO

2009/06/19

Bilbora sartu ziren militarrak Ekainaren 19an

Udaberri Galdua bukatzeko modurik argiena (eta gogorrena), 1937ko Ekainaren 19koa izan zen. Molaren tropak, Francoren laguntasun guztiarekin (alemaniar hegazkinak eta italiar tropak) Bilbora sartzen dira, Frente Norteko erasoan lorpen handi bat bezala. Arratsaldeko lauretan, Bilboko eleizetako kanpaiak jotzen ospatu zuten "biktoria". Joseba Agirreazkuenaga historia irakasleak, labur biltzen digu zer suposatzu zuten udaberriko hiru hilabete odoltsu horiek.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

2009/06/18

Gerra aurreko egoera

Joseba Agirreazkuena, EHUko Historia Garaikidearen irakasleak, 1.936ko gerra hasi baino lehen, zer gertatu zen azaltzen digu.
Aditu honen aburuz, 30etako hamarkada mugitua izan zen, bai politika kontuetan, bai sozialki ere. Hementxe dugu, 7 minututan kontatuta, laburpen interesgarri bezain zehatza.

Udaberri Galdua etb3 telebistan

Nickdutnik saioan Udaberri Galdua proiektua hartu dute erreportai bat egiteko gai bezala. Ruben Sanchezen zuzendaritzapean eta Sara eta Cristinaren esanetara jarriz, Josi Sierrak azaldu ditu proposamen pedagogikoaren nondik norakoak.
Eskerrik asko eitbko lagunei eta euren istorio pertsonalak kontatzen parte hartu duten guztiei (ahaztu gabe loreak bilatzeko laguntza eman duzuen blogari guztiei).
Orain proposamen pedagogikoa borobiltzea baino ez da falta!

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO
Gaia sakondu nahi baduzu:

2009/06/14

Lemoatxan omenaldia

1937ko Ekainaren hasieran Lemoan frontea gelditu egin zen, aste luze batez. Inguruko mendiak eta herriak altxatutako militarren eskuetan zeuden, baina, Urigoitiko gurutzea (El Gallo deritzona) giltza zen.
Bilbora joateko, Zornotzatik eta Larrabetzutik zetozen bideak, Gasteiz eta Arratiako bidearekin elkartzen da bertan. Leku estrategiko hori babesteko. Lemoako haitza edo Gantzabal, azken aukera zen; eta bertan elkartu ziren batailoirik garrantzitsuenak. Horrela hamar egun luzez egon ziren bertan:
  • goizetan Condor legioaren babesarekin, txapel gorriek hartzen zuten mendi gaina;
  • gauetan gudariak eta milizianoak eskuko bonbekin, botatzen zituzten bertatik ikurrina berriz ere jartzeko.
Unai Ortuzar, Lemoako zinegotziak bideo labur honetan azaltzen digu, zer gertatu zen eta zergatik egiten da omenaldia lehen aldiz, 72 urte eta gero.

2009/06/11

Imanol Ortiz de Zarate Eibarkoa

Imanol Ortiz de Zarate Eibarren jaio zen, 1921 urtean. Eskola publikoan lehenengo, eta prailetan geroxeago ibili zen, frantsesa eta ingelesa hitzeginez ere. Errepublika aldarrikatu zen egunean Unzaga plazan egon zen, ukabila altxatuz. Pilotan futbolean baino hobeto jolasten zuen, baina lagun onak egin zituen toki guztietan. Eta 1936ko udan borondatez joan zen Elgetako frontera, adorez eta umorez. Eta hori gutxi balitz, kantatzen ere. Ikusi (eta entzun) bere kontakizuna.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

2009/06/09

Domi Zugarramurdi Doneztebekoa

Domi Zugarramurdi 1917 urtean jaio zen, Bidasoa ibaiaren ondotxoan: Uhartean. Eta urak bere familiaren bizitza sakonki markatu zuen. Asko ikasi zuen Doneztebeko mojen kolegioan eta Santanderrera joateko zenean, enfermera ikastera, Gerra Zibila hasi zen. Donezteben 13 hildako izan ziren gerraren ondorioz; baina herritik kanpo: han gerra ez zen pasatu, "los de la gerra" pasatzen ikusi zituzten.
Ikus-entzun bere kontakizuna bideo labur honetan.


GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

2009/06/04

Juan Urriola Eibarkoa

Juan Urriola Eibarren jaio zen, 1917 urtean Errebal auzoan. Umetan Madrilera joan zen Primo de Riveraren diktadura garaian. Eta bere sorterrira bueltatu Errepublikaren aldarrikapenerako. 36an Gerra Zibila hasi zenean, bere herriko defentsan laguntzeko prest zegoen. Eta frontera joateko momentuan, armero bezala, ametrailadoren bataloian egon zen.

2009/06/02

Juan Agirrezabala Amezketakoa

Juan Bautista Agirrezabala 1922an jaio zen Amezketan, kukua kantatzen duen sasoian. Aita artzaia zenez, berarekin Aralarrera sarri joaten zen. Eta eskolatik bueltan, ura ekartzen errekatik etxera. Gerra Zibila hasi zenean, sei senide ziren etxean; eta ardiekin gusturago zebilen, bestela baino.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

Mikel Garmendia Ordizikoa

Mikel Garmendia Olaziregi Donostian jaio zen 1915ean. Baina lau urtekin Ordizira joan zen bizitzera. Bere gurasoak herriko batzokiko zaindariak zirenez, bertan bizi zen 1936an Gerra Zibila hasi zenean. Herritik alde egin zuen, gudariekin bat eginez. Grazia askorekin kontatzen dizkigu bere nondik norakoak, 95 urteko gazte honek. Iraupena 2:35

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO: