2009/07/30

Zer egin hezkuntzan bakearen alde

Zer egin daiteke hezkuntzan egia eta bakea berreskuratzearen alde?
Galdera honi erantzuten saiatzen da Mireia Uranga, Gernika Gogoratuz taldean hezitzaile bezala, esperientzia luzea duen irakasleak. Iraupena 5:32

2009/07/24

Beatriz Salinas Galarretakoa

Beatriz Salinas Martinez de Ordoñana Arabako Galarretan jaio zen 1.926an. Bere familian uztailako hainbat senide zeuden eta ondo gogoratzen dute udako momentu hori. Eskolara ibili zeneko momentuak oso gogoko ditu, Don Bernardino maixuaren ikasgaiak bezala. Bere familian, politika kontuetan, denetatik zegoen:
  • amaren aldetik tradizionalak baziren ere
  • aitaren aldetik errepublikaren aldekoak ziren
Bere aita, Perico, Izquierda Republicana-koa zen eta osaba, Constantino, sozialista nafarra. Ume denborako oroimenak kontatzen dizkigu Beatrizek, 36ko uda iritsi arte: uda hori bero-beroa izan zen Zalduondon eta inguruko herrietan.

ESKERRAK JUANERI
Grabaketa hau egiteko ezinbestekoa izan da Juan de la Vega IEKom ikaskidearen laguntza: mila esker Juan!

2009/07/20

Gerra Zibila bi egunetan bukatuta?

Bergarako Santa Marinaren erromerira joan zen Inazio Ernabide 1936ko uztailaren 18an. Bertan jakin zuen Bartzelonan gertatzen ari zena. Boluntario moduan apuntatu zen frontera joateko. Baina pare bat egunetan... gerra bukatuta zegoela ematen zuen, eurak zeukaten indarra erakusti gabe! Entzun bere kontakizuna. Iraupena: 3:58

2009/07/18

Gerra Zibila hasi zeneko berria

1936ko uztailan Gerra Zibila baino militarren ohiko kolpe labur bat izango zela uste zuten gehienok: politikan sartuta zeudenak eta aurreko urteetako trajektoria ezagutzen zutenek behinik behin.
KOLPE MILITARRAREN BERRI
Igande goizean mezara joan zirenak ere, bidetik jakin zuten mugimendu hoien berri: Galdakaon adibidez, Victor Bengoetxea bere aitarekin Abusun topatu zituen miliziano euskaldun batzuk eta horrela esan zioten:
Ez dakizue gerreak urten dauela?
Entzun kontakizuna Victorren hitzetan, merezi du eta:

2009/07/16

Aurelio Arrilaga Asterrikakoa

Aurelio Arrilaga Asterrikan jaio zen 1.923an; eta Berriatuako auzo horretan bizi zen Gerra Zibila hasi zenean. Errepublikaren kontra altxatu ziren militarrak Ondarrura sartu zirenean, urriaren hasieran, gerrako frontea Asterrikan egonkortu zen, negu osan zehar, Berriatua eta Markina inguruan.

ESKERRAK SORKUNDERI
Bideo hau egiteko Sorkunde Txurrukaren laguntza baliotsua izan nuen, bere osaba elkarrizketatzeko eta gaiak ateratzen joateko, bertoko euskara hobeto ulertzeko pistak emateaz gain. Mila esker Sorkunde!

2009/07/15

Teresa Garatea Natxituakoa

Teresa Garatea Natxituan jaio zen 1917 urtean. Bizimodua bertan egin zuen, eskolara joanez, jaietara irteten... baina goiz bueltatzen zen etxera, beti ere: gurasoak bestela...
1937ko Apirilaren bukaeran, Gernika bonbardatu eta gutxira, milizianoak erretiratzen ikusi zituen gau batez, Natxituako mendietarik.
Teresa biharamunean, egunero bezala, esnea saltzera joan zen bere astoarekin eta... soldadu alemanek erosi zioten den-dena, litroa pezeta batean ordainduz noski! Iraupena: 4:59

ESKERRAK FERNANDORI
Grabaketa hau Teresaren senide den Fernando Garatea matematikako irakaslearen laguntzarekin egin nuen. Irakaskide eta lagun honi beraz mila esker!

2009/07/13

Raul Blanco Santanderrekoa

Raul Blanco Herrera Santanderreko Valdecillan jaio zen 1938 urtean.
Umetan Mutrikura etorri zen, bere amaren besoetan: Saturrarango kartzelara hain zuzen ere!
Bere aita errepublikaren aldekoa omen zen, eta Santanderretik alde egin zuen Frantzia aldera. Ama bere familiarekin Valdecillan gelditu zenez, militarrak hartu eta... atxilotu zuten Aurora Herrera, ume txikiarekin: Raulekin.
Raulek orain, bere lehen oroimenak eta gazteetako kontuak azaltzen dizkigu Mutrikun egin dugun elkarrizketa honetan.
Baina amaren bizimodua kartzelan ere kontatzen digu, nagusitan jakin ahal izan zuenagatik: amak ez bait zion txitik ere kontatu nahi izan! Iraupena: 5:15

2009/07/10

Margarite Albizu Zumaiakoa

Margarite Albizu Zumaian jaio zen 1.933 urtean. Bere gurasoak euskaldunak eta abertzaleak ziren. Gerra Zibila hasi zenean, aita eta osaba bat "mendira" joan ziren, ez ditzaten harrapatu. Aitaren anaia bertan hil zen.
NAZIONALAK SARTU ONDOREN...
1936ko irailan tropa nazionalak herria "liberatu" zuten. 1937ko otsailan erregimenarekin bat ez zetozenak espultsatzea erabaki zuten, hau da, erbestera bialtzea: tartean Margariteren familia.
Handik Bilbora joan ziren, gero Santanderrera, eta itsasontziz, Frantziara iritsi ziren, babes bila. Gerra bukatu ondoren bueltak etorri ziren, Zumaiara iritsi zirenean.
..

2009/07/09

Floren Uriarte Zeanurikoa

Floren Uriarte Zeanuriko Ipinan jaio zen 1920 urtean. Eskolan Bera de Bidasoako andereño bat euki zuen, ikasleak kaputxinoetara eraman nahi zituela. Eta apaiza gogor xamar aritzen zen dotriña ikas dezaten. Hamasei urtekin lan bila joan zenean, "gerra mugidu" egin zen eta... lanik gabe gelditu! Gerra Zibilaren erdian soldadu eraman zuten, 1938an Logroñora deitu zutelako, eta sei urte beranduago, itzuli zen etxera?
Non gelditu ziren Florenen urterik onenak? Udaberri Galdu bat izan zen beretzat denbora guzti hori.
Kontuen artean eta kantuen artean, horrela aitortzen digu berak. Iraupena: 9 min.
ESKERRAK:
Elkarrizketa hau Arratia institutuko irakaslea den Angel Larreari esker burutu da.

2009/07/08

Txanton Piperri Zeanurin

Floren Uriarte, Ipinako semeak, Txanton Piperri abestia kantatzen du, Zeanuriko bertsioan. Berak eta bere familiak, baserriko lanak egiten zituzten artean, artoa zuritzen zuten artean, eta goseari entretenitzeko asmoarekin, honela kantatzen zuten. Iraupena: 3:48

ESKERRAK:
Abesti hau Arratia institutuko irakaslea den Angel Larreari esker grabatu da. Angel IKABIL proiektuaren arduraduna da ikastetxean.

2009/07/07

Benigna Olabarrieta Lezamakoa

Benigna Olabarrieta Lezaman jaio zen 1924 urtean, Goitioitza auzoan. Bere familian 12 senide ziren, eta aitak etxe bat eraiki zuen, auzokoen eta familiakoen laguntzarekin.
Non? Gaztelumendi azpian. Gerra Zibila hasi zenean "gorrien kuartela" bihurtzeko agindua jaso zuten eta etxetik alde egin behar izan zuten. Frontea hurbildu ahala, etxetik ezezik, herritik ere alde egin behar izan zuten, 1937ko ekainaren 12an, San Antonio besperan. Frontea Santanderrera pasatu ondoren, etxera itzuli eta zer topatu? Benignak berak kontatzen digu den-dena. Iraupena: 9 min.

2009/07/06

Benita Imaz Etxarrikoa

Benita Imaz Etxarri Aranazen jaio zen 1.924an. Bere etxean zazpi aizpa ziren eta azkenean, zortzigarrenean, mutila jaio zen: Jose Mari. Benitak ez zuen denbora askorik izan eskolara joateko, ezta jolasteko ere: amari lagundu behar zion.
Hamabi urte zituela, 1.936 urtean, neskame joan zen, etxean lagundu nahian. Nora eta... Legazpiko "Centro Republicano"-ra hango familia baten umea zaintzera.
GERRA ZIBILAREN HASIERA
Uda horretan gerra hasi eta, familia hortako aita errepublikaren aldekoa zenez, alde egin behar izan zuten Legazpitik... Gernikara!.
Benita 1.937ko udaberrian Bizkaiko hiri eder horretan dagoela, hegazkin alemaniarren bonbardaketa izan zen. Bere oroimenak kontatzen dizkigu: beldurrak eta jasandako zigorrak, bizirik atera zirenak eta gerran hil zirenak, Estebantxorekin egindako lanak eta gerra ondoren bizitakoak ...
Grabaketa hau Juan de la Vega ikaskidearen laguntzarekin eginda dago, bai ekoizpena bai kamara errealizazioa.

2009/07/03

Aitaren besoetan ikasitako abestia

Edurne Egino Bilbokoak, gerra garaian aita galdu zuen. Baina bere aitaren besoetan ikasitako abestia ez du sekulan ahaztuko. Entzun abesti goxo hau, bere bihotz-ahotan. Iraupena: 1:45

Manuel Sagastibeltza Karrantzakoa

Manuel Sagastibeltza Karrantzako gudari bat da. Bilbo galdu ondoren, Santanderreko bidean zihoala, honela kantatzen zuen.

Hamabost mila italiar

Imanol Ortiz de Zarate Eibartarrak Guadalajarako burruken abestia kantatzen digu.
Musolinik esan omen zuen, Italiako indarrak sartuko zirela lehenak Madrilera. Eta horrela izan omen zen, baina... Entzun arretaz abestiaren letrak. Iraupena: 1:16

Andre Madalen Iturengo bertsioan

Cesario Irigoien Iturengo euskaldun jatorrak, Andre Madalen kantatzen zuen, basoko lanak egiten zituen artean. Hona hemen bere bertsioa.

Gudariak eta erreketeak aurrez aurre

Imanol Ortiz de Zarate eibartarrak, gudari bakoitzak zeren alde dagoen argitzen digu abesti labur honetan. Iraupena: 0:40

2009/07/02

Erbestera baina kantari

Kontxi eta Angelita Belandia aizpak Frantzian egon ziren Gerra Zibilak irauten zuen artean. Hango kolonian, halako abestiak ikasu zituzten.

Biba Errepublika kantatzen

Kontxi Belandia eta bere aizpa Angelita, galdakotar aizpak, Errepublikaren garaiko abestiak gogoratzen dituzte. Besteak beste, fronean dauden UHPko milizianoak eta zauritutako gudariak laguntzeko hau. Iraupena: 0:18

Angelita eta Kontxi Belandia Galdakaokoak

Angelita eta Kontxi Belandia aizpak dira. Galdakaon jaio ziren, nagusia, Angelita 1927an eta gazteena, Kontxi 1929an. Ama alargundu zenean, Bekelarre auzotik, Elexaldera pasatu ziren. Lau semealabarekin, gerra garaian, babes bila ibiliz ziren, hasieran Galdakaon bertan; baina 1937ko udaberrian, Bilbo, Santander, Gijon, eta itsasontzia hartuta, Frantziara joan ziren.