2009/05/29

Martin Zabala Lemoakoa

Martin Mendatan jaio zen arren, hamar urtekin Lemoara joan zen, bere amari etxebizitza bat egokitu zitzaiolako! Martinen baserria Biztibieta zen, Lemoako Atxaren magalean. 12 urte bete behar zituenean, gerra hasi zen eta bere arazoak areagotu ziren: anaiaren tabakoa ezin eman, frontera joan zelako, baserritik alde egin behar, borrokak hurbiltzen zirelako...
1936ko udan gudarien lehen batailoiak ikusi zituen Arratiatik pasatzen, Otxandioko frontera joateko; eta pena ematen zutela dio, zein baliapide gutxiren kontatzen zuten ikusita. Entzun arretaz bere kontakizuna. Iraupena: 7 min.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

Fermin Larrea Basaurikoa

Fermin Larrea Basauriko Etxerre auzoan jaio zen. Handik eskolak hartzeko San Miguelera joan behar izaten zuen, bidean beldur-ikarak sentituz.
Gerra hasi zenean, bolondres joan zen frontera, aholku batekin: burua harriaren atzean jarri. Eta onik bueltatu zen. Iraupena: 7min.

GEHIAGO JAKITEKO/EGITEKO:

2009/05/28

Inaki Gorostiza Zeanurikoa

Inaki Gorostiza Zeanuriko "zuloan" jaio zen, bere anaia Francisco baino bi urte beranduago. Gerra Zibila hasi zenean, biak frontera joan ziren. Baina Lemoako Atxan zauritu ondoren, bat bakarrik itzuli zen Uribe auzoko etxera. Gerra odoltsu horren ondorioak gogoratzen dizkigu Inakik bideo labur honetan. Iraupena: 2:29

2009/05/27

Maria Jesus Inarra Getarikoa

Maria Jesus Inarra Getarian jaio zen. Gerra Zibila hasi eta gutxira, bere herria, Errepublikaren kontra altxatu ziren militarren menpean erori zen; eta bere ume-begiekin gudari eta milizianoen familikoak nola "espultsatu" zituzten ikusi zuen, bere etxekoak barne.

Txomin Artetxe Arantzazukoa

Txomin Artetxe 1.914 urtean jaio zen Arratiako Arantzazun. Bere ama haurdun zegoela alargundu zen. Eta Txominen bikia, jaio eta gutxira hil egin zen. Bizimodua pobrea izan zuen Txominek gaztetan.
1.935 urtean soldadutza Zeutan egitea egokitu zitzaion. Eta lizenziatzeko egun gutxi falta zirenean... Francisco Franco agertu zen hidroabioian uztailaren 18an.
Entzuteko moduko istorioa da hau. Iraupena: 9 min.

2009/05/23

Udaberri Galdua gaika antolatuta

Etiketak erabiliz, Udaberri Galdua GAIKA antolatuta ikusi dezakezu:
  1. 1912, 1913, 1914, 1915, 1916, 1917, 1918, 1919, 1920
  2. 1921, 1922, 1923, 1924, 1925, 1926, 1927, 1928, 1929, 1930
  3. 1931, 1932, 1933, 1934, 1935, 1936, 1937, ...

2009/05/20

Galdakaoko lekukoak gaur egun

Maiatzaren 19ko bonbardaketan bizirik atera ziren pertsona batzuk elkartu dira Oroimenaren Haziak ekitaldian, Galdutako Udabarria dokumentala ikusteko; eta beraien bizipenak konpartitzeko. Aitor Minambres, Sancho de Beurko elkarteko kideari esker, argazki honetan ikusi daitezke 80 urtetik gorako lekukoak, omenaldian eman zitzaien lore banarekin.
EITBren EKARPENAK
Eitb.com atarian, Beatriz Sever kazetariaren elkarrizketa bi agertu dira, (euskaraz eta erderaz) Oroimenaren Haziak ekitaldia zela-ta, Josi Sierra dokumentalaren egilearekin. Interesgarriak dira Gerra Zibilaren filmean sakontzeko.

2009/05/19

Maiatzak19an Zornotzako berriak

Maiatzaren 19ko Eguna egunkarian, Zornotzako berriak zetozen.
Honela zioien goiburuak:
"EUZKO GUDA-OÑETAN: Gogorrenik-gogorren jo zuan arerioak Zornotza'n"
Eta jarraian deskribapen zehatzagoa ematen zuen, asteartebeltz hartan frontean gertatu zenari buruz:
"Alegiñik asko egin zuten paxistak Zornotza ingurutan aurrera egiteko, baño odolez gorri ta gorputz-estalita utzi zitun ango basterrak"
Deskribapen zehatzagoa irakurri dezakezu transkripzio honetan, Google Docs-en.
Ondoren beste berri batzuk zetozen lehen orrialdean:
  • Espainian Gobernu barria zegoela, Valencian errepublikaren gobernua aldatu zelako
  • Bilbon ere Euzko-Gobernu berria osotzea lortu zuela Agirre lehendakariak, edo-ta
  • Southamptonen laguntza talde bat lanean ari zela "Bilboko umeak" eramateko
Guzti hori kontsultatu daiteke Hemeroketan, egun horretako bilaketa eginez.

2009/05/13

Cesario Irigoien Iturengoa

Cesario Irigoien Nafarroako iparraldeko Ituren herri ospetsuan jaio zen (gogoratzen Mikel Laboaren abestia? Iturengo arotza....) ; eta bertako eskolara joan ohi zen, neguan elurtea zegoenean ere. Baserriko lanak egiten zituen txiki-txikitatik, eta basora egur bila, belarra mozten edo ganadua biltzen ohituta zegoen. Lan guzti horiek egiteko, umorea eta adorea galdu gabe, kantari ibiltzen zen.
Oraindik abestiak ondo gogoratzen ditu Cesariok: entzun, entzun! Iraupena: 5:55 min.

2009/05/12

Pertsonekin hitz egiten ikasten da

Udaberri Galdua proiektuan Gerra Zibilari buruz ikasteko, jendearengana jo dugu. Eta esaldi hau egiaztatzen tematu gara: pertsonekin hitz egiten... ikasten da.
Historia ere bai; horregatik etno-historia egiten saiatu gara.

EHUN LORE, MILA ESKER
Hona hemen bere bizipenak eta sentipenak, eskuzabal, gurekin konpartitu duten nagusiak. Denak 80 urtetik goragoak, gehienak inoiz euskaran alfabetatu gabeak, baina den-denak bere bihotza zabaldu digutenak. Eskerrik asko denori!

2009/05/05

Mari Igarza Elorriokoa

Mari Igarza Elorrion jaio zen, herriko plazan dagoen etxe eder batean. Garai hartan bere familiarena zen eta taberna zabal bat zeukaten.
Eskolako oroimenak kontatzen dizkigu, zer ikasten zuten eta nolakoak ziren oporrak. 1936ko udakoak oso luzeak izan zirela aitortzen du. Eta bere anaiak oihukatu zuena gogoratzen du, maixuak mugarik gabeko oporrak izango zirela esatean. Gerragatik zenez... Biba-la-Gerra! deiadarra bota zuen ukabila altxatuz!

2009/05/02

Luismari Azpiri Eibarkoa

Luis Mari Azpiri Eibarren bizi zen Gerra Zibila hasi arte. Frontera boluntario moduan joan zen Amuategi batailoiarekin, Durango aldean zaurituta erori arte. Bonba batek estanda egin zuen lubaki gainean eta, beste zauri batzuen artean, hanka hautsi egin zuen. Bere anaiak atera zuen lurraren azpitik eta ospitalera eraman zuten. Handik gutxira bere anaia, gazte-gazterik, hamabost urtekin, Peña Lemonan hil zen tiro batez. 1937ko Ekainaren hasieran izan zen. Bere ama hiru aste beranduago enteratuko zen berri hauetaz...
Entzun Luismariren kontakizun hunkigarri hau. Iraupena: 9 min.