2010/05/31

Maiatzaren hogeitamaikan Arratian borrokan

1937ko maiatza bukatzen denean, Arratian daude fronteko borrokak. Igorretik Bilbora 25 kilometro baino ez daude; eta Eguna egunkariaren ekaineko lehen aleak horrela adierazten du:
Areatza eta Yurre gure mende geratu dira.
Gudariak, atzo goizean egin eben joaldi indartsu baten erri orreikaz jaubetu ta aurrera jarraitu eben.- Orduña aldetik be joaldiak-joaldi egin ziran, gure tokiak obatuaz.- Arma ugari artu yakozan arerioari izkillazkar bi tartean zirala.

2010/05/30

Hegazkin estrategia: dana txikitu

ALEMANIARREN AGINDUA: TXIKITU!
Igandeko Eguna egunkarian bigarren orrialdean, basatikeriaren arrazoi bat aurkitzen dugu:
Erresuma batuko agintari baten ahotan Mistress Mannig Inglaterrako armadaren agintariaren esanetan, hain zuzen ere:
Ingalandar Egazketa-Zaingoko ordezkari baten azalpen jakingarriak.- (Aidetik lurrean igitzen dan guztia txikitzeko agindua dute alemaniar egazkinlariok")
Mistress Manning eta Espinosa jaunak urrutidatzi begiko bana zuzendu diote alkarri.- Laister da berriro HABANA itxas-ontzia erbestera bidean
ZEHATZ ETA MEHATZ
Izenburuaren azpian datu askorekin aipatzen da nork eta noiz esan dituen halakoak, eta zeintzuk dira hori jakiteko arrazoiak. Hona hemen zehaztasunak:
Lendakaritza-Zaingoko Atzerri arazoetako arduradun Mendiguren jaunak, ingalandar Egzaketako ordezkari batek egindako azalpen jakingarri batzuen berri eman zigun bertaratu giñan izparrkarioi. Mister Mackinnon da ordezkari ori. Ona hemen azalpenok:
Loreilla'ko 23'gnez. Bilbao'ratu nintzan eta 28'gnez. atera. Erraztasun guztiak eman zizkidaten euzkotar agintariak. Guda oiñak ikusten izan nintzan eta uri gaiñetik zear egazkiñak egiten zituzten ainbat zearkada neure begiz ikusia naiz. Neuk eta neure begiz ikusi ere ikusi ditut alemaniar egazkiñak, "Heinkel III" tajukoak eta "Heinkel 51" eizakoak.
"Heinkel III" ilara bateko egokoa da eta "Janes,,'en batetik besterako artu-emanetarako erabiltzen dituzte. Amar lagunentzat du barruan leku eta 214 milletako joaldia orduko eta 930 milletako ibil-bidea. Nik ikusi nitun egazkiñok gudarako tajukoak ziran. Egazkiñotako batek urratu dezake Alemania'tik España'ra bitarteko bidea Erroma-zear.
Neuk neurez itz egin nuan egazkiñotako pilotuetako batekin. Hans Joachim Wandel'ekin, eta berari leporatu zioten epaian ere an nintzan. Irakurri nuan bere egunerokoa ere; bertako oar batek dioenez, jorraila'ko 22'gnez. atera zan Berlin'dik Erroma'rako.
Gernika'ko abade batekin itz egin nuan eta "Heinke III" bat ezagutu zuana esan zidan. Gernika suagatu zuten ainbat egazkiñen artean "Heinkel III" bat beiñikpein begiz jo zuan abade orrek, orduraiñokoan ikusitako "Heinkel 51" tapikoen itxurik ere ez zuan-eta. "Heinkel III" aitatutakoak erraz urratu dezake egaz Alemania'tik España'ra arteraiñoko bidea. Alemaniar egazkinlariok erruki gabe suagatzeko agindua dutenen ezpairik ez det. Wandel'ek zionez, lurrean igitzen zan guztia aidetik ametrallatzeko agindua dute alemaniar egazkinlariok

2010/05/29

Maiatzaren 29a garaipen eguna

Maiatzeko azken larunbata garaipen eguna izan zuten gudariak. Gutxienez horrela dio igandeko Eguna egunkariaren izenburuak:
ATZO ETENGABEAN JARDUN ZUTEN ALEMANIAR egazkiñak, baña gurenda-egun izan zuten gure gudari kementsuak.
Iñork iñoiz kemenik agertu izan badu, guretarrak atzo agertu zuten. Sei gudari igaro gure artera.

FRONTEAREN BERRI
Gauero eman ohi zuten partearen bidez, jakin dezakegu nola dauden gauzak toki ezberdinetan; baina informazio zehatzagoa dugu, pasatu diren paxisten gudarien jatorriarekin. Irakurri arretaz datuok:
Iparralde gudoñak (Bizkaia)
Zornotza'ko sailetan arratsaldean joaldi gogorra asi dabe asladariok eta euren egazkin eta artilleriak asko lagundu deutsenarren, gure indarrak bizi-bizi eutsi eutsen eta joaldiorrek motz egin eban.
Erdiko gudoñetan (araba) eta Egoaldeko gudoñetan (Burgos) lengo senean.
Merida errekimentuko 35'gn zenbakiko gudari bi etorri dira guregana Gamiz aldetik; Sizilia Errekimentuko 7'gn beste gudari bi Bizkargi'tik eta Bailen Errekimentuko 24'gn zenbakiko beste gudari bi Barazar aldetik

2010/05/28

Maiatzaren 28an Espainiako berriak

Ostiral 28eko berriak irakutzen ditugu Eguna egunkariaren larunbateko alean. Erasoak oso bortitzak eta odoltsuak ziren Bilbo inguruko herrietan, eta ondo zetorkien beste nonbait izandako berri onekin hastea. Horregatik Andaluziako uretan gertatutakoak edo Catalunyan egindakoak ateratzen ditu lehen orrialdean:
Españar gudako izparrak-eta
Errepublikar egazkiñak "Baleares" paxisten ontzia suagatu eben
Gudontzi ori Cadiz'era sartu zan estu ta larri, kalte andiekaz.- Joaldi bulartsuen ondoren, Esplegueras erria artu eben errepublikar gudariak eta Saelices eta Ribas'en aurrez-aurre geratu ziran.- Uri oneik laster eskuratzea ba'daike.- Catalunya'ko egazkiñak Fuentes del Ebro eta Hueska'ko guda-tokiak suagatu zitueza"

GUDARI OSPETSU BATEN HILETA
Irabazteko esperantza ez galtzeko izenburuaren ondoan, gudarien buru izandako Iñaki Aranaren hileta elizkizunak agertzen dira argazki eta guzti:
Aranegun ospatu zan Portugalete'n Arana'tar Iñaki gudalburubaren obiratzia. Euzko-Gudarozteko zuzendari ta Euzko-Alderdiko agindariak antxe ixan ziran, ain adoretsua ixan zan euzko-gudariari azken agurra egiten. Argazki oneitan ikusi daikezubenez, ikusgarria ixan zan egingo ilun ori, gudari ta errikide ugari bertaraturik. Aintza Euzkadi'ren ziñopai.

2010/05/27

Maiatzaren 27an arerioa atzerantz

1937ko Maiatzaren 27ko berria, arerioa atzeratnza joan behar izan duela da: gudariek kontra-erasoekin, gutxienez bi frotetean posizioak atzeratu behar izan dituela dio Eguna egunkariaren ostiraleko alean:
Mungia eta Orduña ingurutan gure gudariak atzerantz eragin eutsen arerioari
Orretarako burruka gordiñak egin bear izan zituen Orduña aldean.- Mungia ingurutan ezin izan eben eragozpen indartsurik ipiñi, gure mutillak orretarako aztirik emon ez eutselako.- Atzoko joaldiak eurrerakada barrien asiera izan behar dabe. Gure egazkiñak mendietan eta arerioarenak erri baketsuak suagatzen.
Amabost guradi etorri ziran gure artera paxistei iges egin ondoren

2010/05/26

Maiatzaren 26an artileria eta hegazkinak

Maiatzaren 26ko berriak osteguneko Eguna egunkarian aurkitzen ditugu: Burgos eta Arabako mugetatik erasotzen datoz Francoren tropak. Honela dio izenburuak sei zutabetara:
Orduña - Baranbio aldean indartsu gudatu zan atzo
Arerioak egun guztian ekin autsan gure esiak eta gure lurraldeak artilleriz eta egazkiñez joteari, baña bere guraririk ez eban lortu.- Gure mutillak zigor ederrik leporatu eustsen.- Bizkai'ko guda-oñetan ez zan joaldirik eta burrukarik egin.- Iru gudari gure atera, paxistei igesi

2010/05/25

Maiatzaren 25ean bare eta baketsu

Maiatzaren 26ko Eguna egunkarian, astearte hogeitabosteko berriak agertzen dira sei zutabetara zabal-zabalik:
Egun baketsua izan gendun atzo gure mendietan
Aurrerako egunetako joaldietan arerioak artu eban zigorrak, atzoko barealdia eragin eutson, indarrak batzeko behar ba'da. Dima-Yurre ingurutan bakea.- Goizaldean, oraindik illun zala, zaratarik izan zan Jata'ren oñetan. Pusildun paxistak, baña, ez eben urten euren esietatik, guree mutillak ezeutselako laga olakorik egiten.- Alemaniar egazkiñen basatikeriak
Badirudi arerioak bakarrik sufritzen dutela: gure mutilak behin eta berri agertzen dira indartsu eta kementsu.
BIGARREN ORRIALDEAN OSASUNARE ALDE
Garbitasuberako eta jan ahal izateko gaien banaketa agertzen da bigarren orrialdean:
Erriaren osasun-alde behar diran neurri guztiak artuko dira aurrez.
Datorren larunbatez jaboi eta margarina, ta 29, 30, 31'gn egunez moskatel banaketa egingo da.
Izparrik gutxi jaso gendun atzo zaingoetan.

EGUNKARIAREN LAUGARRENEAN
Eta azken orrialdean, Bilboren balio estrategikoa
Ona emen "Sept" aldizkingian idoro dogun lan egoki ta garrantzitsu bat: "L'europe Nouvelle"k darakiuskunez Ingalaterra'ren izkillu-geitza dala'ta, Alemaniako guda izkillu-gintzarako dabezan eragozpenak laterrien artean gorabera andiak sortu daikeez.

2010/05/24

Maiatzaren 24an Arratian gogor

Maiatzaren 24ko berriak irakurtzen ditugu 122garren Eguna egunkarian: Arratia bailaratik aurreratzen dabiltza Bilboratnza, gero ta gertuago. Honela dio
Dima ingurutan gogor egiten jarraitzen dau arerioak
Gure mutillak, baña, kemnez ta zindotasunez beterik, eragozpenak eta esiak ipintzen jarraitzen dautse

2010/05/23

Maiatzaren 23an Abisiniako gerra

Eguna egunkarian, igande 23an nazioarteko aipamena aurkitzen dugu hirugarren orrialadean:
Gure gudeari amaya billatu ta emon naiean
Bare-aldi edo arminsticio'rik egingo ete da gudan diarduen erbestetar guztiak kanpora jaurti arteraño? Asmo orixe agertu dautse Inglaterra'ko gobernuak Frantzia, Belgika,Alemania eta Italia'ko gobernueu.- Frantzia eta Belgika'koak gertu.- Italia ukatu? Van Zeeland izentatzen da bitarteko.

ARGAZKIAN BILBAO EZTA ADDIS ABEBA
Italairrak patxadaz zearkatu ebezan Abisinia'ko lurraldiak arrizki andirik barik, ganbelu gañetan. Euzkadi'n ostera, guda-gabe aurreratu benetaikuaz be ezin dabe lortu euren gugaririk. Emen bapo zulatzen dautxez italiarrai euren narru-zarrak.
Eibarren Gerra Zibilaren lekuko bat topatu genuen Jesus Gutierrezen lanari esker, udaberri hartako gertaerak abesti batetan biltzen zituena. Hona hemen Imanol Ortiz de Zarateren kanta.

2010/05/22

Maiatzaren 22an gogor Arabako frontean

Igandeko Eguna egunkarian, Maiatzaren 22, zapatuko gertarerak irakurtzen ditugu. Eta gauzak ez daude txantxetarako. Hegoaldeko frontea, hau da, Arabatik Gorbeirantza datorrena gogor ari da jotzen bere estrategia guztia erabiliz: lehendabizi hegazkienen bonbardaketa, ondoren artileria, eta den dena txikituta dagoenean, oinezko gizonak pasatzen dira. Honela deskribatzen du titularretan:
Gogorki jo eban arerioak Arabako guda-onetan
Egazkiñak tokia gertu ta landu eutsen bere joaldi indartsuetarako.- Artilleri ugariz agertu zan eta oñoizkorik tankerik geien erabilli ebazan.- Gure mutillak, orratio, zindoki kementsu ta indartsu eutsi eutsen, zigorrik odoltsuena berari ezarriaz. Itxasertzetik Zornotza ingurutaraño bakea ta bare aldia
Iñoz baiño gogotsuago lagundu bearrean gara gure gudariei

LEHENDAKARIA TROPEKIN ARGAZKIA TA GUZTI
Lehen orrialdean Agirre lehendakariaren bisita baten berri aurkitzen dugu, argazki baten laguntzrekin. Tropen animoak igotzeko, frontetik gertu "errebista pasatzera" edo joango zen, gauzak eta pertsonak nola dauden lehen eskutik jatikteko. Honela dio argazkiaren oinak: "Euzkadiko lendakari agurgarrija, Agirre'tar Joseba Andoni, gure gudarijen adore ta buru-eskeintzak, berak, berenez ausnartu gura ixaten dauz, eta orretrako guda-oñetara lantzian bein osteratxua egin oi-ixaten dau. Ona emen, ostera orreitaiko baten gure lendakari jauna, gudari an_tzo (?), gudalburu batzuk lagun dauzala".

2010/05/21

Maiatzaren 21ean joaldirik ez mendietan

Egun batez bakea heldu zela pentsatu dezakegu Eguna egunkariaren lehen orrialdea irakurtzen.
Baina ez da horrela: mendietan joaldirik egon ez zen arren, herrietan hegazkinak bonbak botatzen aritu ziren ostiralez. Hau da, estrategia ez zen militarren kontra tiro egitea, baizik eta populazio arrunta izutzea eta hiltzea. Begira zer dioen sei zutabetara
JOALDIRIK EZ ZAN EGIN ATZO GURE MENDIETAN
Arerioak nekatuta, ezeban burrukarako gogorik agertu. Gure kañoiak paxisten batzaldi bat sakabanatu eben Barazar gañean.- Alemaniar egazkiñak etengabe ibilli ziran egun guztian, guda atzetako erri ta tokiak suagatzen. Gudari bat gure aldera, paxistei igesi.

AZKEN ORRIALDEAREN BERRIA
Egunaren laugarren orrialdean, hirien kontra eta herritarren beldurra sortzeko estrategiaren ondorioak azaltzen dira: itsasontzia hartu eta erbestera doazen famili eta umeen berria aurkitzen dugu: "Euzkotarrak errikatzen Atzo urten ziran 400 ume" esaten du bi zutabetara Egunak.

2010/05/20

Maiatzaren 20an gogorki Mungian

Frontea Sollube gainditu eta Mungialdean hasi da hedatzen ostegunez, Eguna egunkarian azaltzen den bezala: orain Fikatik Gaztelumendira hurbiltzen dira gero eta gehiago, ahaztu gabe Bizkargin ere posizioak hartzen ari direla paxistok:
GURE GUDARIAK GOGORKI JO EBEN MUNGIA INGURUTAN.- Arerioari bere tokietatik atzera eragin eutsen.- Fika aldean paxistak burrukaldiak egin aniean agertu ziran, baña gure gudariak laster kendu eutsen gogo ori.- Kañoiak Sabigain suagatzen jardun eben.- Gure egazkiñak Mungia inguruetan eta Sebigain aldean ikusi ziran paxisten tokiak eta gudarosteak suagatzen.

UMEAK ATZERRIRA
Bigarren orrialdean Bretaina handira joandako umeen berriak aurkitzen ditugu: "Atzo gabaz itxas-ontziratu ziran gaur goizez Sauthampton'erakoa artu duten euzkotar gastetxoak.

HIRUGAREN ORRIALDEAN DATUAK & IRITZIAK
Hirugarren orrialdean erasoan datorren ejerzitoaren hildakoak zenbatzen dira: "Bizkaya'n bakarrik ogetalau milla gizon galdu ditue paxistak".
Eta beheraxeago Ernest Hemingwayren iritzia: "Españar eta euzko gudea idazle baten begietan" izenburupean, Madrilen aste batzuk eman ondoren bere ikuspuntua ematen du gerra zibilari buruz, egoera zein den baloratuz.
Errepublikaren egoera bertatik ezagutu eta gero hauxe dio Iparraldeko Fronteari buruz:"Franco buruzagiak Bilbo menderatzea lortzen ba'du, gudateak gutxi gora-bera beste bi urtebetez iraungo du: baña bestela, balitzateke udazken ontaz ala datorren udaberriz amaitzea". Eta premonizio hori gutxi balitz hauxe gaineratzen du: "Gudateak beste girorik artu du oraingoan. Ez da oraingo hau erritarren guda; berenez dan bezalakoxea da gaur egungo gudatea egokirik-egokien eratutatko gudariak diardute orain aurrez-aurre, geroago ta kementsuago ari diran gudari-taldeak, aldia ere euren aldeko dutelarik".

2010/05/19

Asteazkenean bonbardaketak non-nahi

Maiatzaren 19an, Bilborako bidean zeuden mendiak, herriak, bideak eta mugitzen zen guztia helburu militar bihurtu ziren. Eta hegazkinen tiroak eta bonbak txikitu nahian gogor astintzen zituzten. Eguna egunkariak ostegunean honela zioen:
Mungia-inguruan jo-aldi gogorra izan zuan arerioak
Jata mendia gogorkiro jo eben alemandar egazkin ta enparau guda-gayak.
Paxistarren egazkiñak betiko odolzalekeriz negarra ta ondamendia etxeratu zuten Barakaldo ta Galdakano'ra

LEKUKOTASUNA
Maria Luisa Bilbao galdakotarra, 11 urte zituela, bertatik bertara ikusi eta sufritu zuen bonbardaketa hori. Honela kontatzen digu berak bizitakoa, bere 4 urteko loba Pilare eskuan zeramala.

2010/05/18

Asteartean Zornotzan gogor borrokan

Maitzaren 18an frontea Bilbora hurbiltzen hasia zegoen, mendietatik Ibazabalen ibarrera bajatuz: Amorebieta-Etxano zen bidegurutze preziatua. Eta Francoren ejerzitoak indar guztiak erabili zituen. Honela titulatzen du Eguna egunkariak astearte horri buruz:
Gogorrenik-gogorren jo zuan arerioak Zornotza'n
Alegiñik asko egin zuten paxistak Zornotza ingurutan aurrera egiteko, baño odolez gorri ta gorputz-estalita utzi zitun ango basterrak.
ZORNOTZA'N
Arerioak gogorrenik-gogorren jo du.
Ereñegun itxasotik, aidetik eta legorretik etengabean ekin zioten.
Joaldi gogorra izan du; guretarrak lur zabalari egokiago eusteko, errizuloa utsi ta atzeragoko lekua artu bearra izan du. Egokitasunari begira egin dute ori gure gudariak.
Arerioak urratz bat eman du aurrera Zornotza'ko inguruak, odolez gorri eta gorputz estalita ango basterrak.
Ainbat mendi gailur eta malkarrek ikusi dutena ikusi zuan Zornotza'k.
Arerioaren gizonak-gizon ilotzik pilotuta ikusi zituan eta gure gudari errimeen berdin gabeko adorearen testigu izan zan.

ERREPUBLIKAREN EGOERA
Azken orrialdean toki nahikoa ematen dio Errepublikaren gobernu osotu berriari: plan gogorrak aplikatu behako dituela adieraziz.

2010/05/17

Astelehenez eguraldi zakarra lagun

Maiatzaren 17an eguraldia lagun izan zuten gure gudariek, Eguna egunkariak biharramonean azaltzen zuenez:
Eguraldi zakarra bide, bare ta geldirik lotu ziran atzo gure gudariak guda-oin orotan
Erañegun arerioari suagetetako egazkin bat lurreratu zioten gure gudariak.
Erañegungo oldarketa gogor ondoren, guda-esiak gogortzen eman zute guretarrak eguna.- Berriro ekitzeko gertu ta tinko.
AZKENA
Bestalde Egunaren azken orrialdean Errepublikaren gobernuaren egoera izpide orrialde osoan:
GOBERNUA OSOTU EZIÑIK
Largo Caballero jauna ezin osotu al izan eban.- Erkal-lendakariak Negrin jauna aukeratu eban Gobernu-Buru izan eiten eta gobernua osotu egian. Zergatik apurtu zan lengo Gobernua? Komunistarren ezin izan dau Gobernurik osotu Largo Caballero'k.- Guda-Zaingoan Prieto? C.N.T.'koak Negrin jaunaren asmoak onartu ez dabezan zurrumurrua.- Besteiro Valencia'ra

2010/05/16

Igandeko Eguna sentipenez beterik

Igandeko Eguna egunkariaren bigarren orrialdean Gernika'ko erriari bertso bat idazten dio ZULOk. Eta aldamenean KAYEKOAk bihotzaren mintzoa adieratzen du. Kayekoak 23 urte betetzen zituen egunean, bere lagunak eta familia ditu bihotzean...
Gerrak ez zuen idazleen etorria agortu! Hona hemen adibidea:
(Gernika'ko arbola'ren eresia-kin)
Guda txar au zala ta
genduan ezagutu
lendik baña geiago
biotzez bai sutsu
Andra Maria eleizan
astero auzpeztu
gudan il dakoari
"requiem abestu"
Gernika'ko erria
dago birrindua
Hitler'en egazkiñak
dana kixkladua
"bakarrik dago zutik
zuaitz zarr sendua
iñoiz baño gurtuago
dauka gaur munduak

2010/05/15

Bizkargin gudariak aurrea hartzen

Larunbateko berriak aurkitzen ditugu maitzaren 16eko Eguna egunkarian. Frontea Bilbora hurbilduz doa, batipat Burdinezko hesi ospetsu horretara: Bizkargi Larrabetzu gainean dago; eta bertan aurkitzen da Gaztelumendi: fasistek aukeratutako puntua. Eta horrez gain, Mungialdean Sollube ere sutan dago: airetik eta itsasotik erasotzen! Honela adierazten du Egunak:
Gure gudariak aurrea-artzen asiak dira Bizkargi'n
Atzo egin ziran joaldi ta burrukaldi guztiak gure aldetik asiak eta eroanak izan ziran.- Arerioa tontortxu bat gure gudariei laga bear izan eutsan, onein indarrari eutsi ezinda.- Sollube gogorki suagatu eben paxistak egazkiñekaz eta itxasotik.
Eta indarren ezberdintasuna nabarituz, alemanen eta italiarren hegazkinen triskantzak non nahi azaltzen dira: begira kronistaren detaileak:
EGAZKIÑAK
Beti lez paxiten egazkiñak.
Sollube'n gogor. Bonba batzukaz ezer egin izan ebenean, su-emoleak jaurtiten asi ziran. Bardin Bizkargi'n.
Orrez gañera gudaratzetako toki ugari suagatu zituezan, bereziki gure gotorklekuak egiñak dagozen tokiak.
Areta, Arrankudiaga, Laudio eta abarretan bonba ugari jaurti zituen, bidera gogotsuen. Larogei bonba inguru izango dira inguru oneitan ler egin ebenak.
Egazkin bat lurrera jausi ete zan esan dauskue. Ziurtauteko alegiñak egin ditugun arren, ez dogu lortu. Gorbea'ren atzeko aldera erori zala diñoenak billatu doguz inguru oneitan. Baña agintarikaz gai onetzaz itz egin dogunean ezenkien ezer.

2010/05/14

Bakio ingurutan ondamendia maiatzaren 15ean

Ostiralez, kostaldetik Bilborantza mugitzen doaz Molaren tropak, Mungia inguruan. Horrela adierazten du Maiatzaren 15eko egunak:
Ondamendia aurkitu eben atzo arerioak Bakio ingurutan
Artilleriaz ta egazkiñekaz bide zabalduta ebala uste izan ebenean, gudariak aurrerantz bialdu zitun, baña oneik eriotzea bilatu eben.- Sollube aldean arerioak gogor jo eban azken-orduan.- Iru gudari gure aldera
Beheraxeago badugu azalpen teknikoa, ofizialki adierazita:
EUZKADI'KO GUDA ZAINGOAK ATZO GABEKO AMARRETAN EMANDAKO AGIRIA
Iparralde gudoñak (Bizkaya)
Arratsaldeko azken-orduan arerioak talde ugariz ekin dio Bakio-inguruan, tankeak lagun dituztela; guretarrak egoki ta kemenez eutsi dio tankeetako bi apurtu ta kalte aundia egin.
Sollube-inguruan paxistarren artilleri, egazkin eta gudontziak etengabeko ekiña izan dute, gure kañoiak egoki menderatuaz; gure guda-esiak ez dute arduradun aldakuntzarik izan. Guda-oin ontako beste inguruetan ezer aipagarririk ez da izan.
Erdiko gudoñetan (Araba)
Artilleri-burruketa, paxistarren egazkiñak, ondorenik lortu gabe gure guda-esiak suagatu eta astinduaz.
Egoaldeko gudoñetan (Burgos)
Gure artilleriak egoki astindu ditu arerioaren guda-esiak; ez du erantzun arerioak.
Numancia zaldizko taldeko bi gudari igaro dira gure artera, eta Orduñatik errekete bat; izkilu ta guzti etorri dira irurak.

2010/05/13

Larrabetzun hegazkin bat lurrera maiatzaren 14an

1937ko Maiatzaren 14ko Eguna egunkarian, ostegunean lurreratu behar izan zuen hegazkin baten berri ematen dute, honela:
"Heinkel" bat eraitsi eben gure mutillak Larrabetzu aldean
Egazkinlaria alemaniarra da ta bizirik jaso eben.- Egun baketsua izan zan guda-oin guztietan.- Kañoi otsak zaratatsu entzun ziran une batzuetan, baña pusildunen joaldi eta burrukaldirik ez zan izan.
Orrialde berdinean Inglaterrako erregea eta bere familiaren argazkia ere agertzen da (Edorta VI'gna Ingalandako bakaldun barria, bere emazte ta alabak lagun dauzkala) eta egunkari osoan zehar hainbat argazki gudarien bizimodua adeirazten.

2010/05/12

Maiatzaren 13an Bizkargin joaldi gordinak

Maiatzaren 13an, astearteko joaldien berri ematen du Eguna Egunkariak: Bizkargi'n joaldi gordiñak egiten dira
Arerioak gogorki joten jarraitu eabn alde orretatik, baña gure mutillak eutsi ta atzeratzen dabe. Paxisten egazkiñak izkallazkarez Zornotza suagatu eben.- Sollube'n bost bidar arerioak jo ta bostetan atzeratu.- Gure egazkiñak Bizkargi mendian ibilli ziren eta bonba ugari jaurti zituen.

BERRI ONAK ERE
Egunaren bigarren orrialdean berri on bat ematen dute: Bilbotik irtendako umeak eta atzerriratuak, ondo hartuak izan direla atzerrian: gutxienez txikitxuak ondo egongo dira, hemen bonbak erortzen direna rtean.

2010/05/11

Maiatzaren 12an mendiak sutan

1937ko Maiatzaren 12an, Bizkaiko menduak su-ta-gar daudela adierazten da asterarte hartako Eguna egunkarian. Honela azaltzen da lehen orrialdean:
"Bizkargi ingurutan eten barik gudatu zan atzo
Sollube'n aurrerako egunetako joaldi ta aurrerakaden ondoren, mendiaren jaube dira gure gudariak.- Paxisten egazkiñak Yurre eta Gaztelu Elexabeitia erriak suagatu zituezan."

DEFENDATU BEHARRA
Lehen orrialdearen behekaldean, Gerra ZIbila osoan erabili zen argudio bat azaltzen da, esaldi topiko bat azalduz: "Domuit Vasconum".
Egia esan, orduko jaurlaritzak behin eta berriz azaldu zuen ideia da: bortizki agreditzera zetorren arerio baen aurrean defendatu beharrean aurkitu zen herria. Honela argudiatzen du Txingar izeneko kazetari batek:
"Burrukazale ez gara izan; burrukatzera beartu egin gaitue. Egundo be, euskotarrik ez dogu burrukarik asi, iñor menderatzeko asmoz. Gu menderatu naiz etorri izan yakuzanei, orratiño, aurpegia bai emon dautsaguz; sarri askotan izan dogu burrukatu beharra

2010/05/10

Maiatzaren 10ean aintzaz beteta

Sollube inguruko berriak azaltzen dira maiatzaren hamarreko Eguna egunkarian berriz ere. Aurrekoan bezala, joaldi bero eta gordinak aipatzen dira, izenpburu hone azpian:
"SOLLUBE'N aintzaz bete ziran atzo gure gudariak
Egun guztian joaldi bero ta gordiñak egin ziran eta gure gudariak toki batzuek ostu eutsezan arerioari. Errigoiti'n paxisten gudarozte lodiak gogrki jo eben gure esiak apurtu nairik. Errigoiti-Euba aldean, eundakak il eutsezan gure mutilak arerioari.- Solluben burruka gordiñak"
Beheraxeago, baina hizki larriz, gudarosteak ahultzen zituen barne borroka latz baten irteera: nork agintzen zuen ejerzitoan, lehendakariak ala militarrak. Eta honela ebazten da gatazka hori:
EUZKADI'KO GUDA EKIÑALDIEN BURU AGIRRE JAUNA IZANGO DA

2010/05/09

Maiatzaren 9an Solluben borrokan

Igandean Bermeo eta Mungia arteko borroka indartsu eta zartatsuak azaltzen dira Eguna egunkarian. Sollube gainditu eta menpean hartu behar zuten indar militarrak errepublikaren eta jaurlaritzaren aldeko mutilen eskuetatik. Eta ez zuten
ideia hobeagorik izan itsasoan zeuden untzien bateriak erabiltzea baino. Honela deskribatzen du titularrak: "Sollube'ko joaldi indartsu ta zaratatsuak
Egun osuan eten barik jardun zan mendi orretan.- Gabeko amaiketan oraindik burruka bizietan iñarduen gure gudariak.- Egazkiñen ordez artilleria erabilli eben atzo paxistak, areik be lan ugari egin eben arren.- Gure mutilak arerioari zigorrik andiena leporatzen dautse.- Sollube mendia paxista askoren ondamendi izango da".

SOLLUBEKO ESTRATEGIAREN ANALISIA
Solluben indar oso ezberdinen arteko desoreka agirian gelditzen da. Armada oso abtek dituen baliapideak (artileria, hegazkinak, itsasontziak, infanteriaz gain) eskas armatuta dagoen gudari batzuen kontra doaz: anti-aereorik gabe, artileriarik gabe, itsasindarrik gabe... egunkarian aipatzen dutenez, bayonetarekin borrokatu behar zuten, oinezkoak hurbiltzen zirenean! Honela dio:
SOLLUBE'N
Gure gudarien indarraz arrituta gagoz. Euretzaz esan daikegun guztia motz da. Eurak goratu ta txalotuteko agertu daikeguna, txiki.
Gudateko joaldirik gogorrenak Sollube alde onetan egiten dirala esaten gendun arañegun.
Joaldiok egun aretan bezin gartsu, indartsu, gordin eta zaratatsu jarraitzen eben atzo. Atzo gogorrago oraindik gure ustez.
Arerioak egazkiñak goiz-goizetik erabili zitun. Ez orraitik aurre-egunean beste. Atzoko joaldiak artilleriagaz egin zitun. Artilleria izan zan burrukalari gogorren.
Egazkiñak ondo lagundu eutsen.
Lau joaldi egin ziran atzo.
Joaldi garratzak, odoltsuak.
Paxistak tarte bat artuaz, moltso bat saru(?) nai izan ebeb alde aretatik. Ezin orraitik.
Orrelako gurari guztiak bertan bera laga-eragiteko an egozan gure gudariak.
Tankien aurrez-aurre eskuko bonbekaz eta bein baño sarriagotan bayonetiagaz bestien gorputzerako sartuaz.
Gure gudarien buru-eskintzea (eroismua) zenbaterañokua dan atzo ezagutu al izan gendun.
Guztiak gizon bat legez, arerioaren ganera jaurtiten ziran, arerio orreri bideak sarratzeko asmotan.
Gurari ori lortu ebenik ezin ukatu.
Atzeratu ala, baña arerioak gizonak galtzeagaitik ardurarik ez dau-eta, guztiak erositako gizonak diralako, barriro batu ta aurrera egiteko gogoak agertzen zitun.
Aurrerakada bakotxeko gizonak-gizon betiko jausten ziran. Ala ta be arerioa zelan edo alan batu, ta zoratuta lez, nora jo ezekiala, aurrera egiteko asmotan agerzen zan, agintariak orretaraxe beartuten ebelako.
Joaldiak joaldi, zerbait lortu eban. Baña gure gudariak aintzaz bete ziran atzoko burrukaldi gogorretan.

2010/05/08

Maiatzaren 8an borroka gordinak

Maiatzeko lehen astea bukatzear dagoela, Eguna egunkariak, Bermeotik aurreratuz, Sollube mendiaren inguruetan borroka latzak gertatu zirela adierazten du. Izenburuak honela dio "Burruka gordiñak Sollube'pean"
Eta datu zehatzak ematen ditu aurrerago: "Gudete au asi zanetik onako joaldirik indartsu ta zaratatsuenak izan dira atzo egin ziranak. Egazkiñak etengabeko lanean, mendiak suz beteten.- Sei tanke arerioari ezerstu ta mendian bera jaurti.- Gure mutillak oin bat be ezeben atzeratu".

2010/05/07

Maiatzaren zazpian mendiak sutan

Maiatzaren 7an, ostiralez, gerra bere gordintasun guztiarekin dator Eguna egunkarian. Gero eta krudelago izango den estrategia militarra agirian gelditzen da:
  • egunez, hegazkinak eta artileria fronteko lubakiak eta inguruak txikitu egingo dituzte, infanteria etorri baino lehen.
  • gabaz gudariak saiatuko dira lurra berreskuratzen lekuak hobeto ezagutzearen abantailarekin
Hori islatzen du lehen orrialdeak:
Arerioak bere joaldiak barriri asi dauz
Atzo itxasoz eta legorrez gure mendiak suz beteten jarraitu eban.- Gure mutillak, suaren aurrean kikildu ta ikaratu barik, arerioari aurpegi emoten jakin eben. Gabean eurak ziran joaldiak asten zituenak

2010/05/06

Maiatzaren seian bakea mendietan

Maiatzaren lehen osteguneko Eguna egunkarian bakea zen nagusi: eguraldi ona egin zuen arren, frente ezberdinetan, baketsu egon zirela adierazten dute kazetariek:
Egun baketsua izan zan atzokua gure mendietan.
Bermeo'tik Eub'raño kañoiak sua jaurtiten ekin eben eta pusillak lanean ibilli ziran, baña ondorenik barikl.- Paxisten egazkiñak guda-oñak eta guda-atzeak suagatzen.. Burrukaldi gogorrak gertuten?
Zer esan gitxi emoten dausku atzoko egunak.
Eguraldi argi ta garbia zan goizetik."
Lehen orrialdean ere bi argazki agertzen dira, nazio arteko egunkarietatik hartuta.
Ezkerrean nazien buruzagi bat Salamancan agertzen da. Eskuinean Gernikako bonbardaketari buruzko gogoeta bat.
Paxistak, egazkiñak erabiliaz, lan ugari egingo ete ebeb bildurretan ibilli giñan.
Gure bildurrak okerrekoak izan ziran orraitik.
Aspaldion egin diran joaldi gogor eta burrukaldi gordiñen ondoren, atzoko eguna bake-eguna izan zan.
Joaldiak egin ziran, egia da, baña indarrik barik".

IRUDI PARE BAT
Lehen orrialdean ere bi irudi agertzen dira, gerraren alde ezberdina ilustratzeko:
ezkerraldean nazien buruzagi bat Salamanca hirian desfile batean; eta eskuinean, Gernika bonbardatu zuten hegazkinak Francorenak ez zirela esateko "Daily Heraldetik hartutako txiste bat, abisiniako umeen arteko elkarrizketa batekin.

2010/05/05

Maiatzaren bostean Bermeon borrokan

Maiatzaren bostean, asteazkenez, Bermeo eta Bizkaiko kostaldea zeuden frontean murgilduta, Eguna egunkariaren lehen orrialdean ikus dezakegunez:
"EUZKO GUDA-OÑETAN
Añeto mendia artu eben atzo gure gudariak
Zornotza ingurutan be joaldi gogor ta goriñak egin ziran.- Gure kañoiak Sebigain mendiko paxisten esiak jo ta suz bete zituen.- Paxisten egazkiñen lanak.
SOLLUBEPEAN
Bermeo'ra begira doguz begiak. Joaldi gogor eta setatsuen erri bat da oraingoan itxas-erri au.
Paxistak erri onetan sartutiaz damututa dagozanik ezin ukatu.
Aurreregi sartu zirala konturatu ziran onezkero.
Lenengo beroaldian Bilbao'raño sartzeko izan ba'ziran, Bermeo artze onek garrantzirik eta ardurarik ezeban izango eurentzat.
Baña gaur dagozan eran, Bermeo erri barruan aurrerarik egin ezinda geratzea kaltegarri ta etenkor izango dala eurentzat agertzea ez da beste munduko gauza.
Sukarrietako bidea gure suen mende dago; gure gudarien eskuetan esate baterako. Orrela Bermeo'n dagozanak laguntasunik eta indarrik ezin artu Gernikan dagozenetatik.
Bide bat bakarra geratzen yakoe: itxasoa: Gernika'ko ibaia su artean igarotzea ez da orraitik errez. Azkenengo egun baten motor bik eruan eben zoria eruateko arriskuan duaz erretara duazanak. Eta paxistak ez dabe adorerik orretarako.
Bermeo'n eutsi eziñez, an barruan dagozan gudariak alegiñak alegin egiten ditue, Gernika'gaz alkartu ta emengo gudarien laguntzea bilatu naiean. Alperrik orraitik.
Gure mutillak ez dagoz bidea zabalik lagateko.

2010/05/04

Maiatzaren lauan ezin argitaratuz

Gerra Zibilaren krudeltasunean, Eguna egunkaria argitaratu ezinik gelditzen zen behin baino gehiagotan. Igandean 104 zenbakia atera ondoren, asteazkenerarte, maiatzak 5erarte ezin izan zuten 105 alea kaleratu.
ZERGATIK?
Horren arrazoia segurueniki, barruko orrialdeetan topatzen ditugun berriak izango zen: "Guda-otsak
Euzko guda-oñetako joaldi indartsu ta beruak.- Paxisten egazkiñen lanak.- Gernika inguruetan arerioak, italiarrak bereziki artu izan daben zigorraª
Beti ere, ikuspegia, defentsan zegoen gobernuarenena dela ikusi daiteke: dotazio militarra txikia baina indarrak eta gogoa ez zen eskaxa!

LAUAXETAREN FALTA
Aurreko astean ere galera handia izan zuen Eguna egunkariak: bere kolaboratzaile gazte eta zorrotza zen Lauaxeta, Gernikan gertatutakoa ikustera joan zenean, harrapatu eta atxilotu egin zuten.

2010/05/02

Maiatzaren bian joaldi gogorrak


Maiatzaren 2an joaldi gogorrak aipatzen dira Eguna egunkariaren lehen orrian. Hilabete luze Ipar Frontea astitzen hasi zirenetik pasatuta zegoen, eta igande honetan igertzen zen nekea eta sufrimendua:
EUZKO GUDA-OÑETAN
Atzoko joaldi gogor eta indartsuak
Muniketa tontorrean milla baja gitxienez egin yakozan arerioari.- Sollube'ren oñetan burrukaldi beruak.- Arma ugari laga eben paxistak gure eskuetan. Gudontziak guda-oñak suagatzen

BUELTA EMAN NAHIAN
Eta azken orrialdean langileen eguna ospatzeaz gain, Espainiako beste fronteetan gertatzen zena aipatzen da, animoak igotze aldera:
"Errepublikaren joaldi gogor ta indartsuak dira guda oin guztietan.
Mayatza'ren lenengo eguna andikiro ospatu dabe erririk geienetan.- “España” urperatu orduko azpi-gogor baten billa ibilli zala uste da.- Italian jaiotzak geitu ta ugaritzeko asmoz sariak.- Frantziako gudontzia Castro Urdiales'era."
azken orrialdean

2010/05/01

Maiatzaren lehena, itsasoan borrokan

Maiatzaren lehen egunean, Eguna egunkariak esaldi sakon batekin irekitzen du, gogoeta bezala "Larri-aldietan agertu biar da sendotasuna. Jolas-aldian edonor da baikor ta adoretsu.
Jarraian itsasoan geratutakoaren berri ematen du: "España" itxas lapurra betiko ondoratuta geratu da.
Santander aurrean, ingeles merkante bateri jarraitzen asi zanean, egazkinlariak bonbak jaurti ta ondoratzea lortu eban.- "Velasco", mariñelak jasoten.- Itxasertzetik lau millara, antxe geratu da betiko.- Alemaniarrak "España,,'ko buru? "España,,'ren ondoratzeak poza ta adorea gure gudarietan